Pilotalekuan zezena ibiliko dute berriz ere

942

(Uztarria) Sokamuturreko beste berritasuna: Miserikordiko estrata berriro zabalduko dute. Udalaren, Zezen Beltz elkartearen eta sokamutilen elkarrizketen ondorio dira neurri horiek, eta sansebastianetan hasiko dira gauzatzen, hilaren 18tik.

Sansebastianak direla-eta, hilaren 18an (igandea) aterako dute aurten lehen aldiz zezena Azpeitian, eta aurtendik sokamuturrean bi berritasun izango dira: batetik, zezena berriro lotuko dute Pilotalekuan (Donejakue kalean) eta, bestetik, Miserikordiko San Martin estrata berriz ere zabaldu egingo dute.

Udala, Zezen Beltz elkartea eta sokamutilak azkeneko asteetan hizketan aritu dira, eta neurri horiek hartzeko akordioa lortu dute. Xanet Esnaola alkateordeak azaldu duenez, eskaera horiek sokamutilek egin zituzten aurrena. Ondoren, Zezen Beltzekoek. Udalak ontzat jo, eta gune haietako bizilagunekin jarria da harremanetan, karreretan babes neurriak har ditzaten.

Pilotaleku inguruan argoila jarriko dute, Ustarrineko kantoi hasiera inguruan, eliz aldera. Han ibilbideko beste lekuetan baino motzagoa izango da soka, zezena Gernikako arbola pareko sokamuturreko monumentura heldu ez dadin.

Garai batean ere ibiltzen zuten zezena inguru hartan. Joxin Beloki sokamutil izandakoak Azpeitiko Jaiak liburuan kontatzen duenez (231. orrialdea), lehen han zezena sokarik gabe ibiltzen zuten. Neurri batzuk hartuta, ordea. “Zezenak ez aldegiteko, kamioia jartzen zuten parroki aurrean bidea itxiz; albergaren beste aldera, aldiz, barrikak jartzen zituzten, baita Trinkete atzean eta Eliz kaleko kantoian ere. Egurtza taberna kanpotik frontoiraino, berriz, beste kamioi bat egoten zen. Zezen-plaza txiki bat bezala moldatuta zegoen eta jende pila bat biltzen zen han inguruan”.

Liburu bereko 230. orrialdeko argazkia (albiste honetakoa) ikusi besterik ez dago: pilotalekua lepo, jendea begira edota zezenean parte hartzen. “Zuhaitzekin makina bat jolas egiten genuen”, dio Belokik. “Petrilak ere joko handia ematen zuen”.

Baina behin, sustoa galanta! “Zezena orain Ilunpe soziedadea dagoen etxe barrura sartu zen, eskailerak igo zituen eta adarrekin Meltxora-ren pisuaren atea jo zuen. Orduan Meltxora-k atea ireki omen zuen, norbait ate joka ari zelakoan”.

Miserikordiko estrata azkeneko urteetan itxita eduki izan dute, hesi bidez, baina zahar etxeko lanak bukatuta dituzte dagoeneko —zabaldu dute egoitza—, eta sokamuturrean pasabide hura berriro erabili egingo dute.

Hilaren 18an sokamuturra arratsaldez izango da: 16:30etik 20:00ak aldera arte. Ohi bezala, San Sebastian egunean (urtarrilaren 20an) ere bai: 12:00-12:30 eta 16:30-20:00.

Karnabalak, berriz, otsailaren 22an, 23an eta 24an izango dira aurten, eta orduan ere izango da zezenik, urtero bezala. Berritasun horiek eta guzti.

Ganadutegiak

Sansebastianetan sokamuturra bi egunetan izango da. Honako ganadutegietatik ekarriko dituzte zezenak:

  • Urtarrilak 18, igandea. 16:30etik 20:00etara izango da sokamuturra, Arno ganadutegiko zezenekin.
  • Urtarrilak 20, asteartea. Eguerdian, 12:00etatik 12:30era eta arratsaldean, 16:30etik 20:00etara izango da sokamuturra. Gorixo ganadutegiko zezenak ibiliko dira.
KONPARTITU