Hogei urtean Iruñeko entzierroan

1043

(Uztarria) Aurten 20. urtez segidan irten du Iruñeko entzierroan Mikel Arrietak (1966). Aurrenekoetan bakanen batean irteten zuen. Orain ia egunero, autoan joanda. Uztailaren 10 eta 12an harekin izan ginen.

5:40. Irteera ordua.. Goizeko zortzietan hasi ohi da entzierroa Iruñean, zazpiak aldera ixten dute udaltzainek entzierroko ibilbidea eta, beraz, Azpeititik hori baino ordu eta laurden inguru lehenago irten behar autoan. Mikel Arrietak 5:40ean irten ohi du. Argazkian, pilotalekuko

6:30. Ia 1.500 kilometro. Sanferminean egun batean Iruñea ondoan geratu zen Arrieta lo egiten, Uharten, baina beste guztietan autoan joan-etorria egin zuen. 204 kilometroko bidaia egunero. Ia 1.500 kilomtero denera aurten. Azkeneko urteetan Bernabe Arangurenekin maiz joan izan da autoan -honek hemezortzi urte daramatza entzierroan irteten-; aurten, ordea, elkarrekin bakarren batean baino ez dira joan. Argazkian, Arrieta Altsasu parean.

7:00. Errotxapean aparkatu.. Goizeko zazpietan iritsi ohi da Iruñera, eta Errotxapea auzoan uzten du kotxea, zezenen korralak dauden lekutik ehun bat metrora. Oinez bost bat minutura dago entzierroaren hasirea, Santo Domingon.

7:10. Santo Domingon zain.. Udaltzainek Udaletxe plazan jartzen dute aurreneko hesia, ibilbidea zikinkeriz eta jendez garbitzeko. Arrieta Santo Domingo hasiera aldera geratzen da, San Ferminen estatua txikia egoten den lekutik 50-70 metro gorago. Betiko jendea izaten du ondoan, eta hitzaspertuan aritzen dira. Argazkian, Arrieta bera, Gonzalo eta Cecilio (Fuenlabrada, Espainia); hauek Santo Domningon korritzen dute.

7:25 Egunkariei begirada.. Aurreko eguneko egunkariei begirada bat botatzeko astia ere izaten da, aurreko entzierroko argazkiak ikusteko. Irudian, Jon Arellano azpeitiarrarekin ageri da, Santo Domingon bertan.

7:55. Estafeta erdi aldera. Estafetan korritu ohi du entzierroa Arrietak. Eta harako bidea hartu behar, garaiz iristeko. Udaltzainek zortziak bost gutxi aldera zabaltzen dute Udaletxe plazan hesia, eta ttipi-ttapa, Estafetara. Argazkian, kale horren hasiera aldera ageri da.

(goi-goiko argazkian) 8:00. Kanpaiak.. Aurten, aurreko urteetan bezala, uztailaren 10era arte Estafetan ohiko lekuan jarri zen Arrieta: bukaera aldera, Telefonikan ere lasterka egin asmoz. Pare hartan, ordea, “gero eta lehia handiagoa egoten da lasterkalarien artean” eta hurrengo egunetik Estafeta erdian kokatu zen. Argazkian, uztailaren 12an hantxe, zortzietako kanpaiak entzuten zirela.

8:01. Entzierroa hasita.. Entzierroko ibilbide barruan nabarmena izaten da zezenak noiz dauden gero eta gertuago: jendearen buila da seinalea; gero eta buila handiagoa, orduan eta gertuago zezenak. Argazkia —uztailaren 12koa— zortziak eta minutu batean ateratakoa da, entzierroa hasia zela dagoeneko. Merkaderes parean zeuden zezenak, eta entzuten zen builarik. Arrietak “oso gustura” bukatu zuen orduan, “zezenak sakabanatuta” iritsi zirelako bere parera eta haien aurrean lasterka egiteko moduan izan zelako.

8:15. Iruñazarrara gosaltzera… eta entzierroa ikustera.. Uztailaren 12ko entzierroa izan da aurten sanferminetako luzeena: sei minutu eta bederatzi segundokoa. Universal zezenak bereak eta bi egin zituen. Arrieta zezen-plazara sartu zen. Handik, Merkaderes kalera, Iruñazarra tabernan gosaltzeko, ohi bezala. Kafesnea, kurasana eta ura. Iruñazarrara gosaltzera ez ezik, ordea, telebistan entzierroaren errepikapena ikustera ere bai. Argazkian, Arellanorekin batera, keinuka, hau irudian ageri baita. Arellanok ere Estafetan korritu zuen uztailaren 12an; hurrengo egunean ere bai —hamabost bat urte daramatza entzierroan parte hartzen—.

8:45. Gaztelu plazara.. Gosaldu, errepikapena ikusi telebistan eta Gaztelu Plazara, argazkien denda batera, aurreko eguneko entzierroko irudi pila ikustera.

9:05. Etxekoekin hizketan.. Kotxera iritsi eta etxera deia. Bidaiari omen diote beldur handiagoa etxekoek. 10:30erako han da. Aurten lantokian hiru egun hartu ditu jai. Bestela, arratsaldez lanera.

KONPARTITU