Lopeneri elkarrizketa

1213

(Danbolin) Txikitatik ditu zezenak pasio Josu Arregik. 2010ean sortu zuten Lopene ganadutegia eta ordutik Euskal Herri zein inguruetako herriko plazetan izan dira. Orain, zezen plaza egin dute baserri aurrean. Hori dela eta, galderatxo batzuk erantzun dizkigu Arregik.

Nondik sortu zen zezen plaza egiteko ideia?

Lehen, Azpeitiko zezen plaza alokatu behar izaten genuen gure ganadua probatzeko edo bestela, Lasturrera joan behar genuen, beti besteen menpe. Aurtengo udan lan asko egin dugu eta irabazitako pixka batekin baserri aurrean zezen plaza bat egitea erabaki genuen. Uda hasieran behar genituen piezak interneten prezio onean zeudela ikusi genuen. Azkenean, behar genuen materiala erosi eta plaza egiten hasi ginen.

Zertarako erabiliko duzue?

Printzipioz, gure ganadua probatzeko egin dugu. Gure ganaduak nola eboluzionatzen duen ikusi nahi dugu eta zezen plaza bertan izateak, aukeraketa egiten asko lagunduko digu.

Noiz hasi zineten ganaduarekin?

2010ean sortu genuen Lopene ganadutegia. Txikitatik izan ditut zezenak pasio eta betidanik ibili naiz zezen plazetan. Hasi ginenetik plaza askotan izan gara eta batez ere, ekaina eta urria bitartean izaten dugu lan gehien.

Nondik ibiltzen zarete?

Denetik pixka bat. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Errioxa… Kantabrian ere egon gara eta baita Palentzian ere.

Ze zezen dituzue?

Zezen txikiak eta handiak ditugu, denetarik. Guztira, 140 inguru ditugu. Batzuk baserrian eta beste batzuk mendian. Joan den urtean, gainera, Gorritik erretiroa hartu zuen eta hari erosi nizkion animaliak.

Hemendik bizitzerik ba al dago?

Ez. Tailerrean egiten dut lan eta handik irtendakoan etortzen naiz hona. Lehengusua osaba eta hirurok osatzen dugu lan taldea eta oso zaila da hirurok hemendik bizitzea, oso lan sakrifikatua da.

KONPARTITU