Irauteko zailtasunak

2194

COVID-19a ganadutegietan ere gogor jotzen ari da. Ia urtebete daramate plazarik egin gabe, eta kezka daukate Lopene, Arno eta Bergarako Zezenak ganadutegietakoek, Azpeitira etortzen direnek. Aurten ez da sokamuturrik izan sansebastianetan, eta karnabaletan ere ez da izango. Haien testigantzak jaso ditu Zezenbeltz.eus-ek.

Josu Arregi, Lopene ganadutegiko kidea, orain dela egun batzuk.

GELDIALDIA

Lopene ganadutegia, Zestoa (Josu Arregi da mintzo; Azpeitia, 1988). “Iaz, COVID-19agatik martxoan konfinamendua ezarri zutenean, oso plaza gutxi generamatzan. Urtea Arrasaten hasi ohi dugu guk, Meatzerrekan, sansebastianen inguru horretan, txahalekin, eta iaz martxoaren 1era arte ibili ginen: Donostian egon ginen orduan, Ibaetan, txahalekin han ere. Irteera haren aurrekoa Azpeitikoa izan zen, astearte karnabal goizekoa, otsailaren 25ean. Hortaz, ia-ia urtebete daramagu plazarik egin gabe. Oso luze doa”.

Arno ganadutegia, Mutriku (Andoni Mugerza, Mutriku, 1974). “Guk urtea, kalean zezenekin, Azpeitiko sansebastianetan hasten dugu, eta iaz gauzak normal joan ziren karnabalak arte. Astearte karnabalean egon ginen Azpeitian, arratsaldez. Ondoren, tartean umeenak eta kapearen bat edo beste izanik, ekain aldera hasten gara zezen handiekin, baina joan den urtean martxoan konfinamendua etorri zen eta geuk ere kalean ja urtebete daramagu geldirik. Eternoa doa”.

Bergarako Zezenak ganadutegia, Bergara (Iñigo Almorza, Bergara, 1976). “Guk urtea sansebastianetako irteerarekin hasten dugu, Azpeitian, eta gero berriz ere ja karnabaletan izaten gara: Azpeitian —igandean— eta Hernanin. Maiatzean ekiten diogu berriro, Bergaran hasita, eta urrira arte, azkena Durangon eginda. Etxean egindako kapearen bat edo beste kenduta, kaleko zezenean geldialdi luzea sufritzen ari gara. Azken batean, urte eta erdikoa da jada geldialdia, 2019ko urritik gaudelako kieto, betiere iazko sansebastianetako eta karnabaletako irteerak kenduz gero”.

Andoni Mugerza, Arno ganadutegiko kidea, joan den aste bukaeran.

EGOERA

Lopene. “Txarra dago asuntoa. Eskerrak ganadutegiko biok —Markel [Martija] lehengusuak eta biok—, beste lan bat dugun; biok ere Azpeitian, tailer batean. Geure familiako gastuak ditugu, etxea eta abar, eta, horrez gain, ganadua, mendiko eta kamioiko aseguruak… Urtero 20.000-25.000 euroko gastua daukagu ganadutegiarekin. Aurten ez dugu sansebastianik izan, karnabalik ere ez dugu izango, eta udaberritik aurrerakoa iazkoaren antzekoa izango delakoan gaude. 2022an martxan hasten ez bagara, hau bukatu egingo da. Guk behintzat, bai, honela ez baitago aguantatzerik. Nafarroako ganadutegiak gure aldean hobeto dabiltzala uste dut, han sikiera ganaduarentzako jatekoa doan edo oso-oso merke lortzen dutelako kontserba enpresetatik”.

Arno. “Gu geu ere ez gara hemendik bizi. Neuk obran egiten dut lan, eta etxeko tradizioari eusteko nago ganaduarekin, eta kapritxo bat ere badelako hau. Baina gaurko egoerak eragin handia du gugan. Artzainek-eta behintzat, egoera honetan badute arkumeak-eta enplegatzeko aukera. Guk ez. Handi eta txiki, 31 buru kendu nituen iazko abuztu-irailean, baina mataderian oso gutxi ordaintzen digute: kiloko 0,60 euro. Gainera, kontuan hartu gure zezen itxurakoenek, larrua-eta kenduta, 190-200 kilo izaten dutela gehienez. Atera kontuak, hortaz… Huskeria da. Eta handia da urteko gastua hemen; ez kalkulatzea hobe, bestela min handiagoa hartzen dudalako. 2022an kaleko zezenik balego, igual zeozer gehiago kobratzea eskatu beharko dugu”.

Bergarako Zezenak. “Geu ere ez gara ganadutegitik bizi. Neu eskabazio eta garraioan ibiltzen naiz lanean, eta gustatzen zaigulako aritzen gara ganaduarekin. Baina buruahauste handia ari da bihurtzen; agortzen ari gara. Gure ganadutegiak urtean 25.000 euro inguruko gastua du. Urte normalean, plazen bidez, ateratzen duzu diru bat, baina COVID-19ak sortu duen egoerarekin oso zaila dago. Eta badut kezka bat: nahiz eta biharko egunean normalitate batera ailegatu, baliteke udal batzuk esaten hastea ez dutela nahikoa dirurik eta guretzat plaza gutxiago antolatuko dituztela. Azpeiti batean ez dut arrisku hori ikusten, tradizio handia baitago, baina beste toki batzuetan, erne!”.

Iñigo Almorza, Bergarako Zezenak ganadutegiko kidea, aurreko asteburuan.

LAGUNTZAK

Lopene. “Gipuzkoako bederatzi ganadutegik eta Bizkaiko batek elkarte bat sortua dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko bederatzietatik seiri diru laguntzak eman zizkigun iaz, abenduan. Denera, 24.050 euro, bakoitzaren urteko deklarazioaren arabera. Guri 3.700 euro tokatu zitzaizkigun. Hemengo urteko gastuaren hilabete inguru da hori… Guk ez dugu bestelako laguntzarik jaso”.

Arno. “Iaz diputazioari ganadutegi batzuk azaldu genion zein den gure egoera, ezin dezakegula honela segitu, eta eman zigun diru laguntza bat. Geuri, 4.000 eurokoa. Baina horrekin ez dago ezer egiterik. Mutrikuko Udalak ere eman zigun guri dirutxo bat. Azpeitikoarekin irailean kontaktu bat izan zen ganaduzale baten bidez. Zaila dago udaletatik laguntza bat jasotzea, baina sikiera galdetuko baligukete zer moduz gauden, ezta? Begira zenbat herritan ibiltzen garen, batzuetan urteak daramatzagu urtero joaten, eta herri horietako udalek ez gaituzte aintzakotzat hartu”.

Bergarako Zezenak. “Joan den urtean Euskal Larrabehi Elkartea sortu genuen hamar ganadutegik, eta neu naiz presidentea. Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetara jo, eta jaso genuen diru laguntzarik, bakoitzak bere lurraldean. Geuk, 4.500 eurokoa. Ongi etorriak laguntza guztiak, baina 4.500 euro zer dira guk daukagun gasturako? Ez da konponbide bat. Udaletatik ez dugu laguntzarik jaso. Neuri Bergarakoak esan zidan ezin gaituela lagundu; itxitako lokalentzat dituztela laguntzak. Dendak, tabernak… lagundu egin behar dira, baina ganadutegiak ere bagaude. Geu 70en bat herritan ibiltzen gara, eta udalek ez gaituzte deitu ea zer moduz gauden galdetzeko. Valentziako [Herrialde Katalanak] elkarte batek esan zigun haien herrian berriro aritzen gareneko dirua aurreratuko zigula, baina esan genion hori ere ez dela modua, gero ezin joanda bagaude ere. Euskal errekortari talde batek, berriz, kamioikada pentsu helarazi zigun, eta gutun hunkigarri bat, mesedez segitzeko eskatuz. Eskertzen da. Martxa honetan ez dago segitzerik. Irauteko, pentsatu beharko da beste aukera batzuetan; esate baterako, neurriak neurri, zezen plazetan saioak egitea da aukera bat —iazko udazkenean egin zen bat Azpeitian—. Borondatea baldin badago, posible da. Bestela, oso-oso momentu beltzak datoz”.

Markel Martija (Lopene ganadutegia).

KONPROMISOA

Lopene. “Ganadutegira egunero etorri beharra dago. Markel erreleboan ibiltzen da tailerrean, eta horren arabera etortzen da egunean zehar. Neu, lantokitik irtenda, 17:15erako izaten naiz hemen, egunero, eta 20:30-21:00 aldera egiten dut martxa etxera [Zestoan bizi da]. Aste bukaeratan ere, hemen izaten gara. Beti egoten da lana: ganaduari jaten eman, itxiturak-eta konpondu… 100en bat buru ditugu. Geldialdiagatik batzuk kendu behar izan ditugu. Iaz 130 buru geneuzkan, orain arteko gehien”.

Arno. “Zaila dago egoera, baina lan hau asko gustatzen zait niri. Obrako lanean nagoen tokian nagoela, handik irten eta egunero etortzen naiz baserrira ganaduari jaten ematera, zenekin egotera, eta abar. Asteburuetan ere bai. Animalia hauek maite ditut, eta maite duzunari jaten ematen diozu. 80 eta piko buru ditugu orain. Hementxe pasatzen ditut eguneko neure momenturik onenak. Eta gauez, etxera [Azpeitian bizi da]”.

Bergarako Zezenak. “Bergaran bertan bizi naiz ni, baina ez baserrian, kalean baizik, familiarekin. Baina egunero izaten naiz baserrian, arratsaldetik aurrera. Beharko! Ganaduari egunero eman behar zaio jaten. Nire ametsa litzateke hemendik bizitzea, baina ezinezkoa da. Are gutxiago pandemia honekin eta bere ondorioekin. Hala ere, gure artean hitz egin, eta iaz erabaki genuen ez kentzea buruak, zaharrak izateagatik-eta urtero kentzen ditugun sei-zazpiak salbu. Apustu hori egin genuen, baina ikusiko dugu egoeraren bilakaera nolakoa den. Plazako 120 buru ditugu gaur egun. Nafarroan buru asko dituztenak dezente kentzen ari dira; adibidez, badakit Miguel Retak 320etik 150era jaitsi duela. Valentzian aldean-eta ere asko ari dira kentzen: 500etik 300era…”.

Andoni Mugerza (Arno ganadutegia).

AZPEITIA

Lopene. “Aurten Azpeitiko karnabaletarako lau idisko berri nituen, baina… Idiskoak behar dira Azpeitirako, eta, ganadutegien egoera okertzen bada, Azpeitiak aurrerantzean ez du erraza izango bertakoa bezalako sokamuturrerako zezenak aurkitzeko. Oso sokamutur exijentea da, eta zezen handiak behar dira, eta plazak eduki gabe zaila da idiskoak mantentzea. Sokamuturzale bezala ere hutsune galanta sentituko dut karnabaletan, ez delako zezenik izango. Baina ez da zezena bakarrik, horren bueltako dena da: hamaiketakoa, bazkaria, lagunartea… Aurten, falta!”.

Arno. “Diru iturri bat da Azpeitiko sokamuturra ere, baina zale bezala ere bizi dugu. Aurten ez dugu batere izango, eta pena dut. Anbiente ederra egoten da: geurea ez denean, ikusi besteen zezenak, tragoren bat hartu, bazkaldu, jendearekin egon… Estimatzen dut giro hori”.

Bergarako Zezenak.500 urte pasako tradizioa du Azpeitiko sokamuturrak, kaleko zezenak. Zenbat urtean egongo zen egin gabe? 1936ko gerra garaian kendu zutela entzun izan dut. Gehiagotan bai? Aurtengoa tristea da zaleontzat ere: ez San Sebastian, ez karnabal. Niri asko gustatzen zait Azpeitira joatea —gure ama zena hangoa zen, gainera: Olatz auzokoa, Txanpardin baserrikoa—: zezena kalean ikuste hori, soka eta sokamutilak, jendetza, lagunartean bazkaldu… Pena!”.

Iñigo Almorza (Bergarako Zezenak ganadutegia), 2015eko irudi batean.
KONPARTITU