Pandemiaren egoera eta LABIren neurriak direla-eta, San Sebastian festak ez egitea erabaki du Azpeitiko Udalak, helduen danborrada ere bertan behera utzi ostean. Gaur hartu du erabakia, danbor taldeekin hitz egin eta danborrada ez egitea erabakita. Umeena ez egiteko neurria ere hartu zuen duela egun batzuk. Ondorioz, festarik ez denez izango, sokamuturrik ere ez.
Zezena sansebastianetan azkeneko aldiz orain bi urte izan zen: San Sebastian Egunez (urtarrilaren 20an; ordukoak dira bideoa eta argazkiak) eta urtarrilaren 26an. Ondoren karnabaletan ere izan zen sokamuturra, baina pandemia heldu zen gero, eta etena etorri zen. Iaz, azaroan, Errebaleko festetan izan zen zezena, baina koronabirusa tasa oso goian dago Azpeitian, eta, osasun neurri gisa, ez da San Sebastian festarik izango.
Ikusteko dago karnabaletan izango den sokamuturra, otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean.