Jauzirik jauzi zezen-plazan

796

(Urola Kostako Hitza) Errekortari 2009ko finalerdian, Zezen Beltz elkarteak errekorte politenari emandako saria Pedro Hurtadok jaso du. Hogei errekortarik jokatu zuten finalerdia. (argazki bilduma)

Ikuskizun bikaina, ikusgarria, izan zen igande arratsaldean Azpeitiko zezen-plazan. Jendez bete egin zen plaza, eta eguraldia ere bikaina egin zuen. Hogei errekortarik Errekortari 2009 txapelketako bigarren finalerdia jokatu zuten. Aurreneko finalerdia sanjoanetan Tolosan jokatu zuten.

Mota guztietako jauziak

Errekorteak, jauziak… denetarik ikusteko aukera egon zen zezen-plazan. Esaterako, Juan Antonio Garcia errekortariak hankak sokarekin lotu eta zezenaren gainetik jauzia egin zuen.

El diablo errekortaria, berriz, aurpegia estalita errekortea egiten ausartu zen.

Zezen biziak izan ziren, eta jokoa eman zien errekortariei. Javier Perez Tabernero ganadutegiko (Salamanca, Espainia) zezenak atera zituzten. Hirugarren zezenari adarra hautsi zitzaion, eta ukuiluetara sartu behar izan zuten. Ordurako, ordea, zezen harekin ari ziren errekortariek egin asmo zuten lana eginda zuten.

Lanak eman zituzten zezenek: Simon Gomez errekortaria lanean hasteko prest zela harrapatu egin zuen zezenak. Hala ere, ez zion lanari utzi, eta finalerako txartela lortu zuen. Beste errekortari batek, ezkutalekuan zegoela zezenak aurre egin eta belarri atzean min hartu zuen. Biak Gurutze Gorrikoek artatu zituzten.

Antolatzaileak eta bertan izandako ikusleak “gustura” gelditu ziren jardunaldiak emandakoarekin.

Zezen Beltz elkartekoek errekorte politena saritu zuten 100 euro eta oroigarriarekin. Saria, Pedro Hurtado (Castello, Herrialde Katalanak) errekortari gazteak jaso zuen, Urko Arrietaren, Amets Orbegozoren eta Jurgi Urangaren eskutik.

Errekortari 2009ko finala Tafallan izango da abuztuaren 9an. Han parte hartuko duten zortzi errekortari onenak aukeratu zituzten igandean. Honakoak pasa dira finalera: Simon Gomez, Pedro Hurtado, Jose Antonio Garcia, Julian Gomez Carpio, Gonzalo Ortiz, Ruben Carpio, Sergio Urrutikoetxea eta Jorge Cervero.

KONPARTITU