Vallejo: “Errekortariek nahi izaten dute Azpeitian aritzea”

569

Mikel Vallejo gasteiztarra astelehenean Azpeitian, izango da, Errekortari Txapelketa Nagusian (zezen plaza, 18:00). Bigarrenez ariko da bertan, 2019an ere izan zelako. Plaza ontzat jo du, eta finalean sartzeko aukerak ikusten ditu. 29 urte dauzka.

Datorren astelehenean errekortarien saioan izango zara Azpeitian. 2019koan ere aritu zinen, azkenekoan.

Bai, eta oroitzapen onak ditut. Zezen ona egokitu zitzaidan, baina puntuazioagatik ezin izan nuen finalean sartu. Aurretik egona nintzen han, baina ikusle modura, Sergio Valle gasteiztar errekortaria laguna dudalako eta hura ikustera joaten nintzelako Azpeitira.

Nolako plaza da Azpeitikoa?

Emotiboa. Txikia da, polita, eta jende asko egoten da. Afizioa dago. Orain hiru urte euri pixka bat hasi zuen, baina jendea ez zen mugitu ere egin eserlekuetatik. Horrek denak animatu eta motibatu egiten zaitu.

Zer fama du?

Ona. Izan ere, txapelketa ona izaten da Azpeitikoa, maila ona egoten da, eta diru pixka bat ere banatzen dute sarietan. Nik entzuten dudanez, errekortariek nahi izaten dute Azpeitian aritzea.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Aiton-amonak Salamancako herri batekoak ditut, eta txikitan hara joaten nintzen. Alde hartan zaletasun handia dago zezenarekiko. Dena dela, niri errekortearekiko zaletasuna Sergio Valle ezagutu nuenetik datorkit. Haren saioetara joaten hasi nintzen. 18 urte nituen. Gasteizen, Salburua parkean, Sergiorekin entrenatzeari ekin nion. Petankako gunea jendeak ez zuen erabiltzen, eta gu entrenatzen hasi ginen han, zezen karretoi bat eginda, eta koltxoi bat bota eta saltoak eginez.

Ganadutegietara joaten al zinen?

Gasteiztik gertu, Logroño aldean, Lumbreras ganadutegia dago, eta han hasi nintzen behien-eta aurrean jartzen, kapeak eginez… Animaliekin konfiantza bat hartzen, azken batean.

Noiz hasi zinen erakustaldietan parte hartzen?

Gaztela eta Leon eta Madril aldeko finka batzuetara joaten hasi nintzen, kapeetan parte hartzera. Dirua jarri behar zen. Jendea ezagutzen hasi nintzen, eta erakustaldietan parte hartzen. 19 urte nituen.

Saio batean noiz egin zenuen debuta?

Urtea ez dut gogoan. Tokia bai: Tudela de Dueron, Valladoliden. Hamar bat urte daramatzat plazan.

Garaipenik?

Behin irabazi dut: 2015ean, Palentzian. Finaletara askotan sartu naiz.

Azpeitian finalean lau lagun ariko dira: sailkapen faseko lau multzoetako aurrenak. Finalean sartzeko aukerarik ikusten?

Bai. Parte hartzaileen zerrenda ikusi dut, eta asko jauzilariak dira, errekortea nahikoa ahaztua dute, eta Azpeitiko saioan errekortea behin egin behar da, gutxienez. Niri ongi datorkit hori.

Nolako maila dago Euskal Herrian? Azpeitiko saioan lau euskal herritar ariko zarete: Aaron Grande (Iruñea), Gorka Santamaria (Soraluze), Pedro Caballo (Durango) eta laurok.

Nik uste dut maila ona dagoela. Gazteak badatoz, gainera. Dena den, oraindik asko ikasi behar dute, herrietan ibili, animaliak ulertu…

Zeuk urtean zenbat saio egiten dituzu?

20-30. Normalki, karnabalen ondoren hasten dugu denboraldia, aurten neu maiatzean hasi naizen arren. Bukatu, berriz, urri aldera.

Profesionalki, zer lanbide duzu?

Soldadorea naiz.

Eta saioetara joateko erraztasunik bai?

Saioak aste bukaeratan badira, eta hala izan ohi dira, moldatzen naiz. Astegunez badira, zaila egoten da.

Goiko argazkian, Mikel Vallejo Logroñon (Espainia); behekoan, Vieux-Boucaun (Okzitania).

KONPARTITU