Argazki lehiaketak: oinarriak

1211

(Uztarria.eus) Argazkilaritza zaleek hitzordua izango dute aurten ere Azpeitiko karnabaletan. Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria eta Iñaki Joaristi Altzarte-ren omenezko Inauterietako Jai Giroari buruzko lehiaketa antolatu ditu, eta bi lehiaketen oinarriak plazaratu ditu.

Otsailaren 11n, 12an eta 13an ibiliko da sokamuturra herriko kaleetan, eta egun horietan ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte lehiakideek Sokamuturra Argazki Lehiaketara. Urtero legez, zuri-beltzean egindako argazkiak dira aurkeztu ahal izango direnak; egile bakoitzak bost, gehienez. Inauterietako jai giroa islatzen duten argazkien kasuan, aldiz, koloretan aurkeztu beharko dira, eta egile bakoitzak gehienez bi bidali ditzake.

Otsailaren 26an bukatuko da argazkiak aurkezteko epea; lanak postaz bidali beharko dira, helbide honetara: Azpeitiko Argazki Elkartea. 326 Posta Kutxa, 20730 Azpeitia.

Sariak

Bost sari banatuko ditu AAEk XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketan: 365 euro eta garaikurra jasoko ditu lehen sarituak, 235 euro eta garaikurra bigarrenak, 200 euro eta garaikurra hirugarrenak, 120 euro laugarrenak eta 80 euro bosgarrenak. Altzarteren omenezko sari bereziaren irabazleak, berriz, 150 euro eta plaka bat eskuratuko ditu.

Argazkia: ‘Pa hiretzat’ izeneko argazki horrekin irabazi zuen Alberto Belokik sokamuturraren iazko argazki lehiaketa.

KONPARTITU