Alberto Beloki argazkilariari elkarrizketa

969

Bi zaletasun uztartu ditu Alberto Belokik: sokamuturra eta argazkilaritza. Sokamuturreko argazkiekin hasi zen lehiaketetan parte hartzen, eta horrek Azpeitiko Argazki Elkartera bideratu zuen. Aurten elkarteko presidente izendatu dute. Elkarrizketa egin dio ‘Urola Kostako Hitza’-k. Argazkia, Alberto Belokik berak ateratako bat da.

Bere zaletasunetatik bi uztartu ditu Alberto Belokik (Azpeitia, 1969): argazkilaritza eta sokamuturra. Zezenaren festan irudikatzen hasi zen, 2008ko Azpeitiko Inauterietako Sokamuturreko Argazki Lehiaketan parte hartuz. Horrek Azpeitiko Argazki Elkartera bultzatu zuen, eta aurten elkarteko presidente izendatu dute, Iñaki Aranbururi lekukoa hartuz. Haurra zenetik ibili da sokamuturrean, eta txikia zela Inauterietako sokamuturrari buruzko argazki erakusketak ikustea gogoko zuen. “Antxietara askotan joaten ginen, argazkiak ikustera. Gogoko nuen zezenaren irudiak ikustea”.

Sokamuturreko argazki bat aukeratu duzu. Zergatik argazki hau?

Argazkian Azpeitiko sokamuturrean sarri ibiltzen denetako bat pasea ematen agertzen da. Herriko plazan atera nuen, 2008. urteko Inauterietako Txikiteo Elegante egunean. Niretzako argazki polita da. Sokamuturrari buruzko lehiaketara aurkeztu, eta saritu egin ninduten. Lehiaketa batera aurkezten nintzen lehen aldia zen. Nire gustuko bi gauza dira argazkilaritza eta sokamuturra. Saria irabazteak motibatu egin ninduen argazkilaritzarekin segitzeko.

Sokamuturrean hasi al zinen argazkilaritzarekin?

Ez, aurretik ere ateratzen nituen argazkiak, baina argazki pribatuak ziren batik bat, neuretzako ateratzen nituenak: etxekoei ateratakoak, bidaietakoak… Baina lehen irudi publikoak sokamuturrekoak izan ziren, eta hor hasi nintzen pixka bat sakontzen. Ederra denez, segitu egin dut.

Sokamuturrean argazkiak ateratzen ibiltzeak aurrean egotea eskatzen al du?

Sokamuturrean txiki-txikitatik ibili izan naiz. Baina argazki kamerarekin zabiltzanean asko aldatzen da, egia da. Zezena askoz gertuago ikusten da. Zezenetik nahiko gertu ibiltzen gara, eta horrek zailagoa egiten du. Baina barrera atzean egotea muga da irudiak egiteko. Behean, kalean, ibiltzeak ikuspuntu asko harrapatzeko aukera ematen du, eta joko gehiago. Hala ere, arkupetan-eta babesa aurkitzen dugu; Artzubia da horretarako toki zailena.

Ezustekorik izan al duzu?

Ez, ez. Ahal duguna kontrolpean izaten saiatzen gara, baina askotan zezena baino jendea da arriskutsuagoa, jende artean bultzadak-eta izaten direlako.

KONPARTITU