Haritz Segurolak adio sokamutil izateari

1112

(Uztarria) Orain dela hamar urte ametsa bete zuen lehen aldiz sokan jarri zenean. Aurtengo Karnabaletan jantziko ditu azken aldiz galtza zuriak.

Aurtengo sansebastianak ez dira nahi bezain gozoak izan Haritz Segurola Xague-rentzat, baina San Sebastian eguneko eguerdi partean fin-fin ari da prestatzen, hamabietan zezena sokatik ateratzeko. Ondo ezagutzen du sokamutilaren ofizioa, hain gustukoa duen jarduna. Karnabal festatan erretiroa hartzekoa da; ahal badu, irteera guztiak egin nahi ditu, igande eguerditik astearte iluntzeraino.

Uzteko penatan, ala gogoa ere bai?

Izugarrizko penarekin. Baina, ja edadean ere aurrera goaz, eta… Bakoitzak jakin behar du zertaraino den, nahiz eta sasoiz ondo egon. Beste kideekin ja urte tarte handi xamarra daukagu; eta beste azpeitiar mordoxka bat ere badago, irtetea nahi duena, eta gazteei ere utzi egin behar zaie irteten.

Erreleboa emate aldera ere bai, orduan?

Bai, baina pena izugarriarekin.

Karnabaletan izango duzu agurrekoa. Zer egunetan?

Karnabaletan irteera denak egiteko asmoa dut, hartara amaiera polit bat emateko. Sasoi puntu onean gaudenez, hori ere aprobetxatu nahi dugu.

Zenbat irteera, denera?

Igandea, astelehena eta, asteartean, goiz eta arratsalde. Lau, denera.

Irudikatu al duzu azken irteera? Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Normala. Urtero bezalaxe egingo dugu. Bukatzen denean, urtero bezalaxe, afaltzera joango gara; han adarjotze pixka bat-eta izango dugu, baina bueno. Ezer berezirik behintzat ez, normal-normal, hasi ginen bezalaxe bukatu, eta… Lagunartean.

Sorpresarik ez al duzu espero?

Ez, ez dut uste. Gero, urtean egiten dugu afari bat, Loiola hotelean. Han igoal opariren bat-edo egingo didatela pentsatzen dut. Baina, gainontzean, egunean bertan, normal-normal.

Gogoan al daukazu sokamutil bezala atera zinen lehen aldia?

.2000. urteko Jai Karnabalean izan zen, eguerdian. Poz izugarria izan zen. Urteetan nenbilen, irteteko gogoarekin, baina arazo batzuk gorabehera ezin izan nuen. Azkenean lortu nuenean, poz izugarria izan zen.

Amets bat bete al zenuen, egun hartan?

Ba nik uste baietz, txiki-txikitatik neukan ametsetako bat zela, eta behintzat lortu nuen.

Zergatik hasi zinen sokamutil? Zerk bultzatu zintuen?

Ez dakit. Nik uste dut azpeitiar gehienok, txiki-txikitatik hasten garela sokamuturreko giro horretan. Sokamuturra gustatzen bazaizu, beti fijatzen zara sokamutilekin eta giro horrekin. Anbiente horretan bizi zarenez, nik uste hortik etortzen dela zaletasuna.

Dohai fisikoak alde batera utzita, zezenaren aurrean ibiltzen ere jakin beharko da, ezta, sokamutil ibiltzeko? Zu asko ibiltzen al zinen?

Bai, txiki-txikitatik asko ibiltzen nintzen, umeentzako zezen txikietatik hasita, pixkanaka-pixkanaka. Eta Azpeitian bakarrik ez: sanferminetan entzierrotan, eta herri askotako sokamutur eta zezenetan.

Praktika behar da, ezta?

Bueno, bai. Gu, berriren bat hartzerakoan, batik bat horretan fijatzen gara, zezenean pixka bat ibiltzen dakienarekin. Edozer arazo baldin badago ere, jakin egin behar duzu, zezena nola kendu eta, fisikoaz aparte.

Hamar urte hauetan, zer une gordetzen dituzu berezi edo onen bezala? Zerekin geratuko zinateke?

Unerik onena bezala, lehen aldiz irten nintzen urtea daukat; esan dudan bezala, nire ametsetako bat egi bihurtu bainuen. Bestela, urtero poz eta ilusio berdinarekin segitu izan dut.

Eta esperientziarik txarrena?

Txar-txarrik ez daukat. Anekdotatxo bat daukat: aurreneko aldiz sokan aurrean atera nintzenean, zezenak aurrea hartu zigun, plazara iristerako. Hor katxondeorako bidea jarri genuen… Txarrik ez, anekdotatxo bat, anekdotahistorikoa.

Beti aipatzen duzue sokamutilen artean izaten duzuen giro ona. Hala al da? Pikerik-eta ez al dago?

Bai zera! Ikusgarria da zer giro on sortzen den. Ez gara koadrila batekoak edo betitik ezagutzen garenak, adinean ere diferentziak badaude, baina ikusgarria da zer giro on daukagun, denon artean. Ez dakit zeren zera izango den, baina beti izan da horrela.

Lagunarte hori faltan botako al duzu?

Beno, faltan beti botako dut zerbait, baina dena uzteko asmorik ere ez daukat; hor ibiliko gara. Lehengoak ere asko hor ibiltzen dira; afariak-eta ere egiten ditugu, elkartu egiten gara… Giro on hori ez dut uste asko galduko dugunik. Nahiz eta zuriz ez jantzi, harremanari eusteko asmoa dut.

Beteranoak beti inguratzen direla sokaren bueltan, ezta?

Bai, eta gainera eskertu egiten dira beteranoen aholkuak, eta hauen laguntza. Ni ere, orain etorriko diren berriei eta gelditzen direnei, daukadan esperientzia pixka hori emateko prest nago, nahi duenarentzat.

Legazpin bizita, moldatzen al zara, hemengo jai egunetan zezenera etortzeko?

Autonomo bezala lan egiten dudanez, jaiak-eta gutxi gorabehera neuk antolatzen ditut.

Hemendik aurrera ere bai?

Bai, bai. Sansebastianak eta karnabalak behintzat, niretzat… Gauza naizen bitartean, hor izango naiz, lata ematen.

Eta, zezenak barrera atzetik ikusiko dituzu, ala aurrean jarriko zara?

Aurrean ibiltzeko asmoa ere badut oraindik. Nahiz eta edadean aurrera joan, neure burua gai ikusten dut oraindik zezenen aurrean ibiltzeko. Hor ibiliko gara.

Sokamuturrik ederrena?

Astearte Karnabal goizekoa.

Ibilbideko zatirik onena?

Irteerakoa, Erdikalekoa.

Sokamutil bat?

Bat esatekotan, Zapatari.

Zezen bat?

Bi: Kastro eta Korujo.

Haritz Segurola Xague

  • Jaio. 1972ko irailaren 6an.
  • Herria. Azpeitia.
  • Bizi tokia. Legazpi.
  • Lanbidea. Kamiolaria.
KONPARTITU