Gaur izan da Azpeitiko karnabaletako sokamuturreko 40. argazki lehiaketaren sari banaketa, Betharrametako aretoan, herriko Argazki Elkarteak antolatuta. 22 argazkilarik bidali dituzte irudiak; 123 denera, eta 102 jarri dituzte ikusgai —81 zezenekoak eta 21 karnabal girokoak—. Irabazle: Alberto Beloki. Jabier Beristain, Angel Rodriguez eta Mikel Arrietak osatu dute epaimahaia. Zabalik dago erakusketa, apirilaren 14ra arte (astegunetan 18:00-20:00, eta asteburu eta jaiegunetan 12:00-14:00).
Argazki Elkarteak Mikel Ibarzabal Udal Festa batzordeburua eskertu du, zinegotzi izan den urte guztietan emandako laguntzagatik, eta oroigarria eman dio.
Eta aurten 40. edizioa izanik, udalak Imanol Elias lehiaketaren sortzailearen alargun Itziar Oiartzabali oroigarria eman dio.
1. saria: Alberto Beloki (goiko argazkian). Azpitik pasatu bai? izeneko argazkiarekin. 365 euro eta garaikurra.
2. saria: Santi Elias. Orkatz. 235 euro eta garaikurra.
3. saria: Javier Bastida. Badoa. 200 euro eta garaikurra.
4. saria: Igor Froilan. Topeko. 120 euro.
5. saria: Juan Mari Ibarzabal. Estutu ondo. 80 euro.
Iñaki Joaristi Altzarte saria, inauterietako jai giroari buruzko argazki onena:
Alberto Beloki. Queen argazkiarekin. 150 euro eta garaikurra.
Sari berezia, bilduma onenari, Alberto Belokirentzako izan da.
Goiko argazkiak: Azpeitiko Udala. Behekoak: Uztarria (gehiago hemen)