Use nagusitu da zazpigarrenez eta ikusle ugari elkartu da

224

(Azpeitiaguka.eus) Zazpigarren aldiz jantzi du txapela Eusebio Sacristan Use-k Azpeitian. Jendez lepo bete zen zezen plaza atzo Azpeitiko Errekortari Txapelketan [2.800 lagun]. Guztira, bederatzi errekortari lehiatu ziren, eta erakustaldi ederrak eskaini zituzten. Gorka Santamariak izandako ezbeharrak ilundu zuen arratsaldea, baina txaloz hartu zuten zaleek. Albiste barruan bideoa eta argazki bilduma.

Beste urte batez, Eusebio Sacristan Use nagusitu da Azpeitiko Errekortari Txapelketan. Santio egunez jokatu zuten sariketa, zezen plaza jendez lepo zegoela. Ohi bezala, 18:00etan hasi zen ikuskizuna, eta nor baino nor aritu ziren bederatzi errekortari: Use, Javier Hernandiz, Jonatan Estebanez Peta, Aaron Grande, Diego Almarza, Gorka Santamaria, Mikel Vallejo eta Noel Ribera.

Usek eskuratu zuen lehen postua zazpigarrenez, erakustaldi ederra eskainita. Bigarren postuan berdinketa izan zen. Hain zuzen, puntu kopuru berdina eskuratu zuten Diego Almarzak eta Petak. Hernandizentzat izan zen hirugarren postua. Erakustaldian zehar izan zen tentsio unerik; izan ere, zezenetako batek Gorka Santamaria errekortaria harrapatu zuen, eta plazan bertan artatu behar izan zuten. Plazara atera zen gero, eta txaloz hartu zuten zaleek.

Hiru kideko hiru multzotan banatuta jokatuko zuten sailkapen fasea, eta multzo bakoitzeko onena sailkatu zen hiruko finalera.

Lehiaketa amaituta, jauzien erakustaldia eskaini zuten, berrikuntza gisa. Urtero bezala, jende ugari elkartu zuen errekortarien ikuskizunak, eta giro polita sortu zen zezen plazan.

KONPARTITU