“Azpeitia ordezkatuta” lehen sariko argazkian

462

Gaur jaso du Ander Uria azpeitiar argazkilariak Argazki Elkarteak antolatzen duen karnabaletako sokamutur lehiaketako lehen saria, Betharrametan. Giroko argazki sariduna, Juan Carlos del Pozok irabazi du. Zabalik da erakusketa, apirilaren 16ra arte.

“Azpeitia ordezkatzea” bilatu nahi izan du Ander Uriak karnabaletako sokamutur lehiaketan lehen saria irabazi duen irudiarekin. Astelehen karnabalekoa da, gazte bat zezenaren muturrean aurrean ageri da, plazan, eta atzean, jende asko, “zezenak erakarrita”, Uriak Zezenbeltz.eus-en elkarrizketan esan duenez. Azpeitiko arriskua du izena haren fotografiak.

Uriak bigarren urtez hartu du parte Azpeitiko Argazki Elkartearen lehiaketan. Sokamuturzalea da, eta gustuko du argazkilaritza ere. “Txikitatik ibili izan naiz kamera bat eskuan”. Aitortu du “sorpresa” izan dela beretzat lehiaketako lehen saria irabaztea.

Uztarria.eus-ek ere elkarrizketa egin dio.

Sokamutur lehiaketako ondorengo saridunak:

2. Angel Olabarria, Nik pasau behar diat argazkiarekin.
3. Iñaki Etxenagusia, Rekortie irudiarekin.
4. Juan Mari Ibarzabal, Dotore argazkiarekin.
5. Iñigo Olarte, Hanka jokuek argazkiarekin.

Karnabal giroko Altzarte sariaren irabaztea, Juan Carlos del Pozok lortu du. jai karnabal arratsaldekoa da, eta sokamutilak Erdi kalean zezenaren irteera aurretik Andoni Etxeberria kidea altxatzen ageri dira, sokan azkeneko urtea zuela eta.

Karnabaletako sokamuturraren argazki lehiaketako saridunak eta beste, gaur, Betharrametan.

Gorka Arregi, Kike Orbegozo eta Mikel Zengotita argazkilariek eta Enekoitz Esnaola sokamuturzaleak osatu dute aurten epaimahaia.

21 lagunek hartu dute parte lehiaketan —hemeretzi gizonezkok eta bi emakumezkok—, eta 126 argazki aurkeztu dituzte.

Argazki Elkarteak gaur zabaldu du erakusketa, eta apirilaren 16ra arte izango da ikusgai, Betharrametako aretoan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta aste bukaeratan, 12:00etatik 14:00etara.

KONPARTITU