Andoni Etxeberriaren agurra; “gazteek goza dezatela guk adina”

1225

Andoni Etxeberriak (Azpeitia, 1981) aurtengo karnabaletan utziko dio sokamutil izateari. 2010ean hasi zen. Aitortu du oso ondo pasatu duela sokamuturrean eta haren bueltan. Elkarrizketa egin dio Zezenbeltz.eus-ek.

Sokamutil izateari utziko diozu aurtengo karnabaletan. Zergatik?

Sokan hastea polita izan zen, urteetan bertan jardutea ere bai, baina bukaerako momentua ere jarri behar izaten da. Duela bi urte Arretxe-k [Joseba Senperena] esan zuen iaz utziko zuela, eta orduan esan nuen nik ondorengo urtean utziko nuela: aurten. 40 urteak pasatuak ditut, eta tokatzen da uztea. Gazteak gogoz datozela ikusten dut eta poz ematen dit. Badago jendea; nik utzita, hamar lagun geratuko dira sokamutil.

Urte batzuk egin dituzu sokan…

2010ean hasi nintzen. Aitor Kordoba sokamutilak esan zidan hasteko. Aurretik neu aipatua-edo banengoen, gustatuko litzaidakeela, baina ezustea izan zen Kordobak esatea. Baten batek-edo utzi egin behar zuela, ea hasiko al nintzen, eta gustura jaso nuen proposamena. Hori bai, hasiera gorabeheratsua izan nuen…

Andoni Etxeberria, 2011ko sansebastianetan, Errebalean, sokamutil lanetan. 2010ean hasi zen.

Zergatik?

Karnabaletako astelehenean nintzen estreinua egitekoa, arratsaldean. Elegante Egunean eguerdian lagunekin ibili eta haiekin bazkaltzekoa joatekoa nintzen, baina eguerdian bertan sokamutil batek esan zidan gorabeheraren izan zutela eta arratsaldean irten beharko nuela. Lagunei esan nien ez nintzela bazkaltzera joango. Etxera joan eta amari aipatu nion arratsaldean irten behar nuela sokan. Txuriz jantzi, eta sokamuturrera, sokara.

Txikitatik segitu al zenuen sokamuturra?

Etxetik bertatik ez datorkit zaletasuna, baina eduki dut familia ukitu bat. Izan ere, Fernando [Bereziartua] Pikua sokamutil izan zenaren andrea eta nire aita lehengusuak dira, eta, Pikua sokamutil zela, zezenera joaten ginenean ikusten nuen hura, fijatzen nintzen… Fernando Arakistain sokamutil ohia, berriz, futbolean Lagun Onak-en entrenatzaile izan nuen, eta orduan ere fijatzen nintzen harekin zezenean. Eta besteekin ere bai: haien builak, lasterka saioak, sokari heltzeko momentuak… Bizi izan dut, egia esan; eta gero, neuri tokatu izatea.

2011ko astearte karnabalean, plazan, sokako kideekin festak bukatzean.

Zer du sokakoa izateak?

Jende desberdinaren arteko lotura moduko bat egiten du. Sokakook adin desberdinekoak gara asko, sokamutil izan ez bagina ez ginen seguru asko parean tokatuko, eta sokamutil izateari esker hartu-eman ederra dugu; salsa ederra sortzen da.

Sakrifiziorik eskatzen al du sokan aritzeak?

Fisikoki izaten dira kolpeak, ondorena… Egurra hartzen da. Ganaduaren arabera ere izaten da batzuetan, lagundu behar izaten zaiolako. Baina festako gaua-edo galtzearen penarik ez dut. Gainera, Elegante Egunean eguerdian zezena bukatu eta sokakook txikiteoa egiten dugu eta, gero, bazkaltzera; barre batzuk egin eta atzera berriz ere zezenera. Horrekin geratzen naiz ni, ederra delako anbiente hori. Elegante Egunean arratsaldean ere zezena bukatu eta igual gelditzen gara bi-hiru lagun zeozer hartzeko; mokadu bat egin eta etxera. Gustatzen zaidana egin izan dut, eta ez daukat pegarik.

2014ko karnabaletan, plazan, sokamutil lanetan.

Erantzukizunik sentitzen al duzue?

Bai. Adibidez, lehen baino jende gehiago dabil Azpeitiko sokamuturrean, eta beti egoten da arriskua 16 urtetik beherakoekin; debekatua daukate zezeneko ibilbidean egotea, jartzen dira kartelak, aurten sansebastianetan bozgorailuetatik ere esan da, baina erne ibiltzen gara. Bestela, ona da gazte jendea ikustea zezenaren bueltan, zaletasunak eta tradizio honek etenik ez duten seinale.

Zer behar da sokan izateko?

Ahal dela, azpeitiarra izatea… Batik bat, benetan gustatzea sokamuturra. Hortik aurrera, ez dago arazorik.

2018ko karnabaletan, Erdi kalean.

Helduenean, oraindik ez da sokaneskarik izan…

Ez dut erraza ikusten baten batek irtetea. Pare bati aipatu izan zaie, baina ez dira animatu. Ingurua dena gizonezkoena da: sokakoak, jendea aurrean…; eta, igual, neskei fisikoki gogorra dela ere iruditzen zaie. Nesken ezezkoa ez dadila izan behintzat jendeak auskalo zer esango duelako. Ea animatzen den baten bat.

Pasadizoren bat…

Momentu eder eta berezi asko izan dira. Bat aipatzen hasita, astearte karnabal goiz batez, zezena, ja bukaeran, Enparan kalean behean lotu genuenean, elurra zela-eta dena blai geunden sokakook, eta kamioi pareko lokal batera aldatzera joan ginen Mikel Odriozola eta biok; atzaparrak dena izoztuta genituen eta ez ginen kapaz botoiak askatzeko, painueloa kentzeko…, eta elkarri botoiak soltatu nahian ibili ginen.

2018ko karnabaletan, Artzubiko zubian. Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizuna izan zen urte hartan.

Beste pasadizorik?

Astearte karnabal goizeko beste bat, iazkoa: zezenak irten eta sokamutilok plazara ailegatzear ginela, neu nindoan aurrena, makilarekin, eta Plaza Txikian neure aurrean bat erori egin zen, eta neu ere bai eta nire atzeko sokamutila ere bai. Sokako hiru ailegatu ziren plazara, baina makila nik nuen. Beste behin, Errebalean lotzera gindoazela, argoila pasatu egin nuen, konturatu gabe.

Sekula harrapatu al zaitu zezenak?

Eskapadak izan ditut, baina ez nau harrapatu. Lesio bat edo beste izan dut; behin lau zentimetroko haragi etena egin nuen Enparan kalean, sokak tope egin zuen batean.

Andoni Etxeberria, 2019ko karnabaletan, Artzubian, soka argoilan lotzen.

Sokamuturreko momentu bat?

Elegante Eguneko eguerdiko txikiteoa eta bazkaria, eta zezenaren arratsaldeko irteera. Astearte goizekoa ere ederra izaten da.

Sokamutil bezala, toki bat?

Plaza.

Zale bezala?

Plaza.

Iazko karnabaletan, Elegante Eguneko eguerdian, Plaza Txikian, beste sokamutilekin zezena bukatu ondoren.

Uztera zoaz… Penarik?

Bai, badaukat. Badira bi urte esan nuela utziko nuela, baina urruti ikusten nuen momentu hau. Baina badator; ailegatu ziren sansebastianak, publikoki agurra iragartzeko elkarrizketa hau ere bai, egun gutxi barru ditugu karnabalak… Lagunek galdetzen didate ea prestatuta al nagoen uzteko. Ez naiz oraindik erabat jabetu. Baina, lehen esan bezala, denoi tokatzen zaigu uztea, eta, horrela, gazteei paso ematea. Gazteek goza dezatela guk adina.

Iaz Arretxek, bere agurrean, karnabaletako irteera denak egin zituen. Duela hamahiru urte Haritz Segurola Xague-k ere bai. Zuk zer?

Denak egiteko asmoa dut. Saiatu egingo naiz.

Andoni Etxeberria, aurtengo San Sebastian Egunean, plazara iristen, sokakoen artean aurrenekoa dela.

Goi-goiko argazkian, Andoni Etxeberria sokamutila, 2019ko sansebastianetan.

KONPARTITU