Enekoitz Esnaola kazetaria ari da egiten eta Zezen Beltzek otsailaren 26an aurkeztuko du, Sanagustinen. Azpeitiko tradizio horren berri emango du dokumentalak, eta atzean zer lan dagoen kontatuko du. Hainbat elkarrizketa ere izango dira, irudi zaharrak…
Zezen Beltz elkarteak Azpeitiko sokamuturrari buruzko dokumentala aurkeztuko du otsailaren 26an (larunbata), Sanagustin kulturgunean. Enekoitz Esnaola kazetaria ari da zuzendari eta gidoilari lanak egiten. Irudi berrien eta produkzioaren ardura, berriz, Lara Madinabeitia kameralariak dauka.
Sokamuturrak Azpeitian garrantzia handia dauka, historia luzea, eta tradizio horren berri ematea da dokumentalaren helburua. Bide batez, belaunaldi berriei begira transmisio lana egitea ere bai.
Sokamuturra nolakoa den kontatuko da lanean, eta atzean zer lan dagoen. Hala, kaleko irudiak ez ezik, jendeak oro har ikusten ez duena azalduko da: ukuiluko irudiak, larrekoak, kamioikoak, sokamutilak soka egiten (beheko argazkian)… Bideo irudi zaharrak ere bai; zaharrenak, 1976koak. Sansebastian hauetan ere ariko dira irudiak hartzen.
Elkarrizketak egongo dira, halaber: Gorixo (goiko argazkian), Albizu eta Arnoko ganaduzaleei, edota gaurko sokamutilei eta lehen izandakoei egindakoak.
Ordubete inguruko iraupena edukiko du dokumentalak, eta Zezen Beltzek DVDa salgai jarriko du. Aurkezpena karnabalak baino astebete lehenago izatea baliatuko du elkarteak hedapena eta salmenta egiteko.
Zezen Beltzek uste du Azpeitirako egitasmo berritzailea dela sokamuturrari buruzko dokumentala. Izan ere, irudi aldetik apenas egin izan diren bideo erreportajeak gurean. Gaiaz asko dago idatzita eta argazki ugari daude argitaratuta, baina bideo irudi aldetik lanik edo bildumarik ez dago, irudi solteak baino ez daude.
2008an sortu zen Zezen Beltz: sokamuturra sustatzeko, lehengo ohiturak berreskuratzeko, ekimen berriak egiteko… Hain zuzen, sokamutilek (gaurkoek eta lehengoek), sokamuturzaleek, eta entzierroetan edota ganadutegietako ekintzetan ibiltzen den jendeak eratu zuen elkartea, eta beti aritu da Udalarekin elkarlanean.
Orain, esaterako, dokumentalaren proiektua aurkeztu dio Udalari, eta honek ontzat jo du.