Bederatzi errekortari lehiatuko dira Santio egunez zezen plazan

380

(AzpeitiaGuka.eus) Gaur jarriko dituzte salgai Zezen Beltzek eta Toropasionek antolatutako ikuskizunerako sarrerak. Lehiakideen artean lau euskal herritar ariko dira eta Eusebio Sacristan Use bere zazpigarren txapelaren bila irtengo da. Berrikuntza gisa, jauzien erakustaldia egingo dute txapelketaren ondoren.

Lehiakide gutxiagorekin, baina jauzien erakustaldiarekin osatuta dator aurten Azpeitiko Errekortari Txapelketa. Zezen Beltzeko kideek atzo arratsean aurkeztu zuten Toropasion enpresarekin elkarlanean antolatzen duten ikuskizunaren 2024ko edizioa, txapelketa jokatuko den zezen plazan bertan. Uztailaren 25ean, Santio egunez, egingo dute aurtengoa ere, 18:00etan, eta sarrerak gaurtik aurrera erosi ahalko dira.

Bederatzi errekortarik parte hartuko dute Azpeitiko saioan. Guztien buru ageri da, beste urte batez, Eusebio Sacristan Useiaz seigarren aldiz jantzi zuen txapela Usek Azpeitiko zezen plazan, eta aurten zazpigarrenaren bila irtengo da. Euskal Herriko errekortarien parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek, bederatzi lehiakidetik lau baitira euskal herritarrak: Aaron Grande, Sergio Valle, Mikel Vallejo eta Gorka Santamaria. Txapelketaren formatuari dagokionez, hiru kideko hiru multzotan banatuta jokatuko dute errekortariek sailkapen fasea, eta multzo bakoitzeko onena sailkatuko da hiruko finalera. Sailkapen fasean, multzo bakoitzarentzat zezen bat aterako dute plazara; eta beste zezen bat, finalerako.

Hau da Santio eguneko errekortari txapelketan parte hartuko dutenen zerrenda eta palmaresa:

  • Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako irabazlea 2016an, 2017an eta 2018an. Eta Azpeitiko txapeldun iaz.
  • Javier Hernandiz (Montroy, Valentzia, Herrialde Katalanak). Aurreko urteko Espainiako txapelduna.
  • Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril). Espainiako irabazlea hiru aldiz. Bost aldiz txapeldun Madrilen.
  • Aaron Grande (Iruñea). Espainiako txapeldun hiru aldiz, lau aldiz txapeldun Bilbon, Iruñean behin, eta errekortari ligako txapeldun beste behin.
  • Diego Almarza (Parla, Madril, Espainia).
  • Gorka Santamaria (Soraluze, Gipuzkoa).
  • Mikel Vallejo (Gazteiz).
  • Noel Ribera (Museros, Valentzia, Herrialde Katalanak). Valentziako falletan eta Castellon txapeldun.

Jauzien erakustaldia

Aurten, errekortarien txapelketa jauzien erakustaldiaren osatuko dute, eta hori izango da berrikuntza nagusia.

Toropasioneko kideek egingo dute erakustaldia, “punta puntako hainbat jauzilarik” parte hartuko dute, eta txapelketaren bukatu ondoren eskainiko duten beren ikuskizuna.

Sarrerak salgai

Aurrez iragarria zuten gisara, gaurtik aurrera izango da aurtengo Azpeitiko Errekortari Txapelketarako sarrerak aurrez erosteko aukera.

Azpeitian Pastorkua, Mendizabal, Berdie, Jim Clark, Eguzkitza, Etxe Zuri eta Kantoi tabernetan, eta Azkoitian Elurren aurkituko dituzte sarrerak zaleek. Horrez gain, Zezen Beltzek sarrerak saltzeko postua jarriko du lau egunetan: uztailaren 19an eta 24an Sanagustinpean, 18:30etik 20:00etara; eta uztailaren 20an eta 25ean Goiko Kaleko plazatxoan, 12:00etatik 14:00etara. 25ean bertan 17:00etan irekiko dute zezen plazako txarteldegia, baina antolatzaileek sarrerak aurrez erostea gomendatu dute. 4 urte arteko umeek ez dute sarrera ordaindu beharrik izango; hortik gorakoentzako sarrerak, berriz, 12 eta 25 eurotan salduko dituzte.

(argazkian, Zezen Beltzeko kideak, atzo, Azpeitiko zezen plazan, aurkezpenean. / Zezen Beltz)

KONPARTITU