Behartutako berrikuntzekin dator aurtengo Zezen Beltz asteburua

429

Urriaren 14an eta 15ean izango da. Aurten, ezingo da zezen txikien sokamuturra egin, debekuagatik; hala, hilaren 15 eguerdian elkarretaratzea egingo du Zezen Beltzek, plazan.

(Uztarria.eus) Hurrengo astean ospatuko dute XIV. Zezen Beltz asteburua Azpeitian. Egitarau bete-betearekin datoz oraingoan ere, baina aurtengoan ez da 16 urtetik beherakoentzat zezen txikirik izango, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako debekua tarteko. Horren aurrean, 16 urtetik beherakoentzako animaliekin egiten diren ikuskizunak lehenbailehen arautu ditzatela eskatzeko, elkarretaratzea egingo dute datorren igandean, urriak 15, 12:30ean, Azpeitiko plazan, eta Zezen Beltzeko kideek hitzordu horretara azaltzeko deia egin diete herritarrei.

Urtero egin ohi duten Grand Prix ikuskizuna, ordea, bai, larunbat arratsaldean izango da zezen plazan, eta beti bezala, elkarte bati emango emango diote sarreren salmentatik ateratako dirua; aurtengoan, Lam gaixotasuna dutenen Aelam elkarteari, gaitz horren ikerketan laguntzeko. Grand Prixerako sarrerak dagoeneko eskuragai daude Berdie, Jim Clark, Mendizabal, Pastorkua eta Eguzkitza tabernetan; eta egunean bertan zezen plazako leihatilan erosteko aukera ere egongo da. Bost euro balioko du sarrera bakoitzak.

Hona hemen XIV. Zezen Beltz asteburuko egitaraua:

Urriak 14, larunbata:

  • 11:30. Zezen bolaztatuak, zezen plazan. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da.
  • 17:00. Grand Prix ikuskizuna zezen plazan, eta ondoren zezen bolaztuak 16 urtetik gorakoentzat. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Urriak 15, igandea:

  • 11:00. Animalia arraza ezberdinen erakusketa, plazan.
  • 12:00. Oilasko eta txahal saiheski erretzea, plazan.
  • 12:30. Karretoiekin entzierroa, Etxe Zuritik plazara. Ondoren, argazki jendetsua.
  • 17:15. Helduen entzierroa Artzubitik plazara eta buelta. Ondoren zezen bolaztatuak Artzubia kalean.

Goiko argazkian, iazko Grand Prixeko une bat. Behean, Zezen beltz XIV. asteburuko kartelak.

KONPARTITU