Imanol Elias, sokamuturra arakatzen eta sustatzen

1035
Atzo hil zen Imanol Eliss azpeitiar historialariak herriko sokamuturrari buruzko hainbat kontu plazaratu zituen, eta Antxieta Etxean argazki lehiaketa antolatzen hasi zen 1980an. Aitortu beharrekoa da haren lana. Albiste honetan Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalean Imanol Eliasek esandakoak-eta bildu ditugu —Elias bera izan zen lanaren aurkezpenean (2011-2-26)—.

Historia

Imanol Elias Odriozola historialariak zezenari buruz Azpeitiko Udal Artxibategian topatutako albisterik zaharrena, 1518koa da: Gipuzkoara bisitaldi bat egin zuten Espainiako erregeek eta, bost dukat ordainduz, gertakizuna ospatzeko zezen bat alokatu zion herriak Pedro Ruiz de Agirreri.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Jasotako ondorengo albisteak dira 1522koa, 1533koa eta hor tartean beste askotan ere izan dira. Esaten ez dena da horietan sokamuturra denik. Askotan esaten da leku itxi batean-edo jolasten direla edo hesiak ipinita bezala-edo. Ez dakigu izango zen leku itxi batean zehazki edo kaleetako pasadizo batzuk itxita, entzierro bezala edo horrelako zerbait. Ez da esaten horrelakorik seguru-seguru. Baina badago data bat ja jo dezakeguna sokamuturraren hasiera bezala, datuz jasotakoa: 1567.goa. Erreginak seme bat izan zuelako eta abar Azpeitiko herriak nahi izan zuen halako festa bat-edo antolatzea, eta hor bai agindua eman zitzaion udal aldetik edo udaleko agintarien aldetik sokekin zezenak jolasteko kalean”.

Sansebastianetan, karnabaletan… historikoki egon da zezena Azpeitian. Festa egun batez aurreneko aldiz 1542an izan zen kalean, Santiyo egunez. Imanol Eliasek San Agustin festak ere aipatzen ditu.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Azpeitiko herriak bazituen izendatutako egun batzuk bere jaiak-eta egiteko. San Agustin bat, esate baterako. Bere komentuaren aurrean plaza handia zenez —geroago sortu zena—, hor izaten ziren zezenak, eta askotan, gainera, itxitura batekin ipinita; zezenak libre jolasten ziren. Badira urte batzuk jendeak eskaintzen zituela zezenak, eta urte bakarren batean hamabi zezen ere baziren eskainita hor jolasteko”.

Sokamutilak

Sokamutilak ere beharrezkoak dira sokamuturra izan dadin, eta haiek ere sakrifikatu beharra dute.

Dena dela, Azpeitian sokari tiraka ez dira beti jardun izan horretara euren borondatez prestatutako lagunak. Garai batean udaltzainek zeukaten ardura hori, gauzainek. Behartuta, nonbait. 1887. urtekoa horren adibide.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Gertatu zen gauzainek ibiltzen zutela zezena astearte goizean —goizeko zazpietan ateratzen den zezen hori—, eta ez zuten nahi izan atera; nonbait, ez ziren gustura ordaintzen zietenarekin edo bere lana ez zutelako pentsatzen hori zenik”.

Udalak gauzainen jokabidea hutsegite eta desobedentzi bezala hartu zuen, eta bakoitzari bost pezetako isuna jarri zion.

Soka

Soka ezinbesteko tresna da Azpeitian zezena kalean ibiltzeko. Historiako datuak horren lekuko.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Herriak harakin bat izendatzen zuenean herrira haragia eta abar ekartzeko, beti exijitzen zitzaion gauza bat zen soka ekartzeko, hil behar zituen erdi kastako zezen horiek edo idisko horiek kalean ibil zitzan berak. Baina askotan gertatzen zen hark ekartzen ez baldin bazuen soka hori, Udalak izugarrizko isunak-eta ipintzen zituela harentzako”.

Behin festak gainean zirela soka hori ez zegoen Azpeitian, eta hura zen hura Udalaren estutasuna!…

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Harakina bezala, Udalak elurra jasotzen zuen jende bat ere izendatzen zuen, gero saltzera, ur hori udara partean-eta zabaltzeko. Urte batean gertatu zen elurzale horrek bere soka hori eraman zuela Aizkorrira, beharra zuelako, Azpeitian elur gutxi egin zuelako, handik ekarri behar zuenez elurra. Hara joan eta denbora bat bazen ez zuela ekartzen soka hori atzera bueltan, eta Udalak agindu zuen soka hori egun batetik bestera ekarri behar zuela Azpeitira, behar zelako”.

Argazki lehiaketa

Zenbat urte dituen sokamuturrak…, eta zenbat argazki joan ote diren. Batik bat, Azpeitiko Antxieta Etxeak —Imanol Elias buru zela—, eta Gipuzkoako Kutxak 1980an sokamuturreko argazki lehiaketa antolatzeari ekin ziotenetik.

Iñaki Aranburu (Azpeitiko Argazki Elkartea):

“Karnabalak festa handia dira hemen, Azpeitian, eta argazkizale asko zegoenez garai hartan ere, pentsatu genuen zergatik ez genuen lehiaketa bat-edo antolatzen. Bagenuen areto bat [Antxieta Etxea], lanak erakusteko moduan, Imanol Eliasek lagunduta. Urtean-urtean gero eta jende gehiago parte hartzen joan da. Alde horretatik oso gustura gaude; arrakasta handia izan du lehiaketa honek”.

Lehen edizioko irabazlea Luis Rey izan zen, Cuerda de cáñamo izeneko argazki honekin.

Antxietak eta Kutxak 25 urtean antolatu zuten lehiaketa. Azpeitiko Argazki Elkarteak hartu zien lekukoa. Irudi altxorra dago, Imanol Eliasek azpimarratzen duenez.

Imanol Elias Odriozola (historialaria):

“Kutxak 25 urtean zehar antolatu zuen lehiaketa, gero Argazki Elkarteak hartu zuen, eta ordutik hona ikaragarrizko argazki pila dago sokamuturrari buruz. Nik uste dut hori oso dokumentu interesgarria dela, jaso dena. Gainera, ez da bakarrik ikusten zezena eta jendea kalean jolasean, baizik eta tokiak ere ikusten dira, herrian zer aldaketa izan diren ere bai, eta horrelako datu interesgarriak asko eta asko daude”.

Dokumentala liburu formatuan

KONPARTITU