Bernabe Aranguren entzierro lasterkariari elkarrizketa

936

(Uztarria) Aurtengoarekin, hogei urtez segidan irten du Iruñeko entzierroan. Zezenen aurrean lasterka egitea berezia omen.

Nolatan duk entzierroan lasterka egiteko ohitura?

Nafarroako Cabanillas herrikoa dinat ama eta umetan urtero oporretara hara joaten gintunan. Zezena non, hara mugitzen gintunan: Iruñera, Zaragozara, Faltzesera… Orain emazteak, bi alabak eta laurok Tuterako festak bertan igarotzen ditinagu eta abuztuan kilometro asko egiten ditinat, zezenera.

Entzierro guztietan ateratzen al haiz?

Aurrenekoz 18 urte nituela atera nindunan, eta harrezkero urtero, egun bakar batean ere huts egin gabe atera naun.

Entzierroan zer tartetan egiten duk korrika? Zenbat metro?

Telefonica bukaeran hasten naun, eta 200 bat metro egiten ditinat korrika.

Etxetik joan-etorrian ibiltzen al haiz?

Iruñean izeba bat bizi dinat eta gau bat haren etxean pasatzen dinat. Gainontzean, goizero seietan Mikel Arrieta Rubio-rekin joaten naun, autoan. Iruñean autoa ukuilu ondoan uzten dinagu beti eta 07:00etarako ibilbidean izaten gaitun. Entzierroa bukatzean gosaldu egiten dinagu, 05:30ean jaikitzean, nerbioak tarteko, ez dinat-eta apenas gosaltzen. 09:30ak aldera iristen gaitun Azpeitira.

Etxekoek zer esaten ditek? ?

Bazekiten alferrik dela niri jardutea eta igual-igual aterako naizela entzierroan.

Eztei bidaia ere ondo antolatu huen…

Andreari esan nionan aste bat non pasatu nahi zuen aukeratzeko, beste astea non pasatu nik erabakiko nuela. Astebete Tenerifen egin ginan; bestea, Iruñeko hotel batean.

Trantze handiak izan al dituk?

Orain bi urte Telefonicako bihurgunean irrist egin, erori eta hiru zezen nire ondoan erori hitunan. Jaiki eta bakean joan hitunan. Zer pentsatua eman izan didaten irudi gogor asko ikusi ditinat. Baina, berriro irteten naun. Beldurrik ez zienat zezenei; errespetua bai, handia. Hitzez esatea zaila dun, baina sentsazio berezia dun zezen aurrean lasterka egitea.

Nola aldatu da entzierroa urteotan?

Oraingo aldean lehen askoz ere jende gehiago ateratzen zunan. Orain kontrol handiagoa zagon eta, gaupasa egindako bakarren bat geratzen bada ere, mozkorrak ibilbidetik ateratzen ditizten.

KONPARTITU