Entzumen desgaitasuna duen entzierro lasterkaria

910

Hilaren 13an hasiko da Zezen Beltz IX. asteburua, Sergio dokumentalarekin (19:00, Soreasu). Entzierro lasterkari iaioa da Sergio Colas nafarra, eta entzumen desgaitasuna du. Elkarrizketak egin dizkiegu Carlos Caro dokumentalaren zuzendariari eta Colasi berari. Era berean, hemen lanaren trailerra.

CARLOS CARO (dokumentalaren zuzendaria): “Sergioren istorioak nabarmen piztu zigun arreta”

Nola sortu zen Sergio Colasi buruzko dokumentala egiteko aukera? Zer bilatzen zenuen?

Egia esan, kasualitatez sortu zen. Lagun kuadrila bat Makirriaingo (Ezkabarte, Nafarroa) festetan geunden. Han ziren Fernando Egiluz (kamera operarioa) eta Luis Arellano (produktorea), eta Fernandok bere lagun bat aurkeztu zigun: Txema; duela urte askotatik entzierroetako ohiko lasterkaria da. Denen artean hitz egiten sortu zen Sergioren istorioa. Txemaren semea da Sergio, zezenzalea eta entzierroak korritzeko zalea.

Esan zidatenean lasterkari handi bat dela eta entzumen desgaitasuna duela, galdera asko sortzen hasi ziren neure baitan. Nahiz eta Makirriaingo festako egun hartan pixka bat berandu zen eta jai giroan ginen, Sergiori buruzko informazio gehiago baino ez nuen nahi. Nola egiten zuen korritzeko? Nola bihurtzen zuen desgaitasuna abantaila batean? Zer arazori egin behar zien aurre? Eta abar.

Arellanok eta biok No Solo Films sortu genuen duela bost urte, eta gure helburua, dokumental laburren bidez, izaera sozialeko istorioak islatzea da. Ondorioz, Sergioren istorioak nabarmen piztu zigun arreta, eta handik aurrera hasi ginen proiektua egiten.

Noiz egin zenuten?

2014ko azaroan sortu zen ideia, eta handik aurrera hasi ginen proiektua osatzen: Iruñera joan eta Sergio ezagutuz eta gauza gehiago jakinez, eta, batez ere, jakiteko egitasmoan parte hartu nahi zuen. Benetan, lehen bilkuratik aurrera gure hartu-emana mundiala izan zen. Sergio eta haren ingurua zoragarriak dira, eta haiek dira egitasmoa aurrera atera izanaren erantzuleak, dena erraztasuna izan baita.

Ismael Alonsok (Guión) prestatu zuen dokumentalaren ideia nagusiaren idatzia, planteamendu bat, eta, batez ere, oso argi ezarri zuen zein zen gure helburua: hondar alea jartzea desgaitasunaren normalizazioari. Morborik ez genuen nahi. Iruñera itzuli ginen dokumentu horrekin, eta Sergioren familia eta lagunak Gaztelu Plazan elkartu genituen irakurtzeko eta haien iritziak jasotzeko. Ondoren, hilabete batzuetako lana izan genuen, 2015eko udaberri artekoa. 2015eko sanferminetako errodajea prestatzen hasi ginen, eta Iruñeko lagunei esker egin ahal izan genuen; betiko egongo natzaie eskertuta.

Esan dezaket Luis Arellano gabe dokumentala agian ez zela egongo, asko lagundu baitzigun entzierroak, iruindarrak, festa eta estaldura logistikoa hobeto ulertzen. Bere etxean hartu ninduen bi astez, bere etxea bilakatu zen elkarrizketen set, eta Sergiorekin eta honen emazte Almarekin grabatzeko izugarrizko kokaleluak lortu zituen.

Luisez gain, asko lagundu zuten beste pertsona batzuek: Natalia Ardanazek (kamera), Fernando Egiluzek (kamera), Cristina Nuñez Baquedanok (kamera), Sergioren familia osoak eta lagunek…; luzea da ezer eskatu gabe lanean aritu zirenen zerrenda.

2015eko uztailean grabatu genuen dokumentalaren zatirik handiena. 2015eko maiatzean-ekainean, Miguel Retaren Alba Retaren ganadutegiko bisitan egin genuen grabaziorik, eta 2016ko neguko asteburu batean Iruñean errekurtsoko irudi batzuk hartu genituen.

Dokumentaleko datuak, detaileak, ezaugarriak?

Nik egin dudan proiekturik konplikatuena izan da Sergio, parte hartzen jende gehien izan dena da, grabatu dugun material gehienekoa, istoriorik konplexuenetakoa… Egia esan, apustu bat zen, eta koordinatzeko, editatzeko, muntatzeko eta fintzeko ordu asko pasatu nituen. 2015eko grabaziotik estreinaldira arte —2016ko uztailaren 4an, Iruñean, Kondestablen—, nire bikotekide Gemak pairatu izan zuen proiektuarekiko neukan obsesioa; nire lanetik kanpoko ordu libre guztiak eta aste bukaerak baliatu nituen ahal zen lanik onena egiteko. Hasierako muntaketa ordu eta erdikoa izan zen, baina garbi zegoen murriztu zitekeela, eta ordu erdi batean geratu zen.

Gustura geratu al zinen emaitzarekin?

Harro nago, baita dauzkan akatsak izanda ere. Izan ere, izugarria izan zen talde osoak egindako ahalegina eta lana, eta denek izandako ilusioa. Aitortu behar dut ez naizela zezenzalea, kontrakoa naiz, baina dokumentalaren errealizazioan topatu nituen pertsona denak zoragarriak eta oso laguntzaileak izan ziren. Lasterkariak, haien arteko kidetasuna eta lehia sanoa xeheago ezagutzeko aukera izan dut. Urtero-urtero gozatzen dute horretaz; esperientzia handi bat da. Jendea oso jarrera irekiarekin aurkitu nuen, eta nik uste Sergioren istorioa kontatzen ari ginelako zela hori. Entzierroen munduan jendeak asko errespetatzen eta maite du.

Zer harrera izan du dokumentalak?

Lasterkarien eta gertukoen aldetik izugarria izan da erantzuna, bai sare sozialetan, bai filma Iruñean eman genuenean. Azpeitian urriaren 13an eskainiko denaz gain, hurrengo hitzordua Lodosan dugu, urriaren 27an; hango jatorrikoa da Sergio, eta hil berri zaion aitona omentzeko hitzordu bat izango da. Jaialdiei dagokienez, azaroan Darocan egongo gara, eta besteetan hautatzen ari direla dirudi, eta saririk jasotzeko aukerarik egongo dela.

SERGIO COLAS (entzierro lasterkaria): “Nire bizitza oso ongi islatzen du dokumentalak”

Nola jaso zenuen zutaz dokumentala egiteko proposamena? Ezustean harrapatu al zintuen?

Nire aitaren lagun batek ezagutzen zuen nire istorioa, Carlos Carori kontatu zion, honi asko gustatu zitzaion, eta horrela hasi zen dena. Aitarekin harremanetan jarri zen Carlos, gure familia osoa bildu zuen dokumentalaren plana kontatzeko eta jakiteko prest ginen parte hartzeko, eta guztiek esan zuten baiezkoa. Ezuste handia izan zen niretzat proposamena jasotzea, uste baitut bizimodu normala daramadala. Egia esan, hori zen Carlosek dokumentalarekin transmititu nahi zuena.

Zer moduz sentitu zinen grabazioan?

Kaleko grabazioa kasik neu ohartu gabe egin zen. Familiarekin eta lagunekin sanferminetako ohiko gauzak egiten nituen, eta Carlosek-eta grabazioetan jardun zuten. Oso erraz jarri ziguten dena: guk geure bizimodua soilik egin behar genuen. Carlos Caro, Luis Arellano eta No Solo Films-eko taldeari esker arrunt eroso egon ginen denok.

Gustura bukatu al zenuen emaitzarekin?

Nire bizitza oso ongi islatzen du dokumentalak, eta lana ikusi duen jendea oso pozik eta emozio handiz atera da aretotik. Oso harrera ona eduki du, eta zoriondu egin gaituzte.

 

KONPARTITU