Fernando Zubiaurre ganaduzaleari elkarrizketa

502

(Uztarria) Azpeitiko Udalarekin bilera egin berria da Fernando Zubiaurre (1954), Gorixo (Mutriku) ganadutegiko arduraduna. San Sebastian egunean ekarriko ditu zezenak sokamuturrera; karnabaletan ere bai.

Noiztik habil kontu hauetan?

Badituk ja 32 urte. Orduko hamabi mila pezetan erosi nian lehen zezena neuk, Nafarroatik, Funestik, Vicente Dominguez ganadutegitik. Geroago, 20 buru ekarri nitian. Orain 80 bat ditiat.

Zuen aita zena Antonio ere ibiltzen zuan ganaduarekin.

Bai, baina utzita eduki zian hau dozena bat urtez. Haren garaian ez zagoan kamioirik zezenak herrietara eramateko, esaterako. Tolosara eramanda zagok zezen parea idiei lotuta alde banatan, gauez.

Istorio asko bizi izango hituan.

Behin gure zezen batek gizonezko bat jo eta bota zian gora, gizonezkoak atzeko poltsikoan poxpoloak zitian, ipurdizka erori zuan, eta sua piztu!

Zer moduz Azpeitian?

Sei bat urte dituk Azpeitian hasi ginela; plaza gogorra duk oso. Soka hori mugitzea… Zezenak hurrengo egunean bizkarra artean bustita izaten dik, izerdiarekin.

Exijentzia al dago Azpeitian?

Ez atera larre-behirik, ezta adar bakarrik ere, jendea kexatu egiten duk-eta. Asko sentitzen ditek sokamuturra. Azpeitian hori bertan behera uzteko, kalean urak lehen pisuan egon behar dik.

Arauak gogortzen ari dituk…

Bai. Otsailaren 14an bertan epaiketa diagu. Hondarribiko Udalari eta bioi lau mila euroko zigorra jarri nahi zigutek, orain bi urte festetan zezenak ohiko ibilbidetik irten zuelako bost metroz-edo (soka luzatu zitean). Seguruak heriotz eta elbarritasun kasuetan baino ez dik erantzuten.

Txikitako ametsa

“Ez, nik ez nian futbolari-eta izatea amesten. Hau besterik ez diat ezagutu-eta! Honetan nabilek txikitatik. Zortzi urte nituela hemen inguruko baserri batetik astoa ekartzen nian, geure baserri parean zezenak hari lotu, pixka bat ibili, eta buelta berriz ere hara neu, astoarekin”.

KONPARTITU