Hamahiru errekortari uztailaren 22an

877

Kanporaketa fase baten ondoren, hiru onenekin finala izango da. 18:30ean hasiko da, zezen plazan, Zezen Beltzek eta Toropasionek antolatuta. Gaur arratsaldean izan da aurkezpena. Sarrerak bihartik (ostirala) salgai.

Azkeneko urteetan errekortarien lehiaketa bihurtu da Azpeitiko festetako ekitaldirik erakargarrienetako bat, eta aurtengo saioa datorren uztailaren 22an (igandea) izango da, zezen plazan, 18:30etik aurrera, Toropasion enpresak eta Zezen Beltz Azpeitiko elkarteak antolatuta. Momentuko hamahiru errekortaririk onenak ariko dira, adore eta arte erakustaldia eginez, Toropasion finkako sei zezen ikusgarrien aurrean. Errekortarien txapelketak ikusmin handia pizten du eta une zirraragarriak sortu izan ditu urteotan Azpeitian; bete egiten da zezen plaza.

Finalean aurten errekortari bat gehiago

Ventas (Madril), Zaragoza edo Valladolid bezalako plaza esanguratsuetan bezala, Toropasioni bururatutako lehiaketa honek berriro sistema bizi bat izango da hilaren 22ko saioan, kanporaketa formatuan oinarrituta baitago, eta ikusleek emozioz eta arriskuz betetako ikuskizunaz gozatuko dute. Hain zuzen, parte hartzaileak hiru multzotan banatuko dira lehenik, eta hiru zezen aterako dira. Talde bakoitzeko bi onenak ondorengo fasera pasatuko dira. Bigarren fasean, hiruna errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta bi zezen aterako dituzte. Azkenik, talde bakoitzeko onenek eta bi taldeetako bigarren onenak finala jokatuko dute, arratsaldeko seigarren zezenaren aurrean –iaz bik jokatu zuten buruz burukoa–. Eusebio Sacristan Use-k irabazi zuen joan den urtean.

Parte hartzaileek errekortea gutxienez behin egin beharko dute, hori baita lehiaketa mota honen funtsa. Finalera pasatzeko bakoitzak baldintza hori bete behar du, beraz, eta, horrez gain, libre izango dira nahi adina errekorte edo jauzi egiteko.

Guztira, sei zezen bikain izango dira, Toropasion finkakoak. Denak ere planta ederrekoak, eta halako saioetan jokoa ematen dutenak. Los Galos eta Toropasion ganadutegiko zezenak izango dira Azpeitiko saioan.

Hamahiru errekortariak zirkuituko momentuko espezialistarik onenak dira. Haien artean, euskal herritar bat egongo da: Sergio Valle gasteiztarra. Iaz Unai Arana Xurra bergaratarra ere aritu zen.

Parte hartzaileen zerrenda

  • Eusebio Sacristan Use (La Seca, Valladolid, Espainia). Espainiako Txapelketako irabazlea 2016an eta 2017an, eta iazko garailea Azpeitian.

  • Angel Pitarque (Hijar, Teruel, Espainia). Valentziako irabazlea aurten.

  • Cristian Blanco (Vall de Uxo, Castello, Herrialde Katalanak). Espainiako txapeldunordea 2016an.

  • Cristian Moras (Medina del Campo, Valladolid, Espainia). Corte Puro Ligako irabazlea 2016an.

  • Javi Manso Balotelli (Narros de Cuellar, Segovia, Espainia). Corte Puro Ligako bigarrena 2017an.

  • Javier Pradanas (Mejorada del Campo, Madril, Espainia). Espainiako Txapelketako finalista 2017an.

  • David Ramirez Peque (Arganda del Rey, Madril, Espainia). Ventasko irabazlea aurten.

  • Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril, Espainia). Espainiako Txapelketako irabazlea bi aldiz.

  • Pablo Martin Guindi (La Pedraja de Portillo, Valladolid, Espainia). Corte Puro Ligako irabazlea 2017an.

  • Saul Rivera (Peñausende, Zamora, Espainia). Jauzilari onena 2016an.

  • Sergio Valle (Gasteiz, Euskal Herria). Corte Puro Ligako finalista 2017an.

  • Dany Alonso (Vezdemarban, Zamora, Espainia). Corte Puro Ligan bi aldiz irabazle.

  • Jose Manuel Medina Zorrillo (Arevalo, Avila, Espainia). Zamorako irabazlea 2016an.

Sarrerak

Uztailaren 22ko ikuskizunerako sarrerak ohiko tokietan izango dira salgai, bihartik (ostirala) aurrera. Egunean bertan, zezen plazako lehiatilan.

Azpeitiko Udala saioaren laguntzailea da.

Informazio gehiago: Zezenbeltz.eus, Toropasion.net

Argazkian: aurtengo errekortari saioaren aurkezpena, gaur, Azpeitiko zezen plazan. Zezen Beltz elkartekoak eta Mikel Ibarzabal Udal Festa batzordeburua.

KONPARTITU