Hasiera bikaina

227

Urtebeteko etenaren ostean, bueltan da zezenzaleen urteroko hitzordua: Zezen Beltz aste bukaera; XII.a aurtengoa, Gaur, lehen egunean, jendetza bildu da zezen txikietan eta Grand Prixean.

Eguerdian hasi dituzte ekitaldiak; zezen txikiekin jolasteko aukera izan dute gaztetxoek Perdillegiko jolastokian. Jende ugari bildu da bertan, eta giro ezin hobea sortu da; agerian gelditu da jendea aisialdiaz gosatzeko gosez zegoela, aspaldiko jendetzarik handiena bildu baita ekitaldi publiko batean.

Arratsaldean, 1.800 lagun inguru bildu dira Grand Prixen, zezen plazan. Zazpina lagunez osatutako lau talde aritu dira nor baino nor zezen plazan: talde zuria, gorria, urdina eta beltza. Partaide guztiak Azpeitiko neska-mutil gazteak izan dira, eta sei jolas egin dituzte: bi zezenekin eta gainontzekoak puzgarriekin nahiz oztopoekin. Batzuk erori egin direla, besteak zezenak harrapatu dituela, barre algara ederrak egin dituzte han bildutako ikus-en tzuleek.

Jolas guztiak amaitzean, azken erabakiaren berri eman dute antolatzaileek, eta 27 punturekin, talde txuria izan da edizio honetako irabazlea. Ondoren, 20 punturekin, talde gorria sailkatu da; talde beltzak lortu du hirugarren postua, hamabost punturekin; eta azkenik, hamabi puntu eskuratu ditu talde urdinak. Dena den, haiek jaso dute ikusleen txalo zaparradarik handiena, eta, beraz, haiek erdietsi dute talde faboritoa izateko ohorea.

Bihar (igandea) 12:00etan zezen txikiak eta poniak Perdillegin, eta 17:00etan errekortarien ikuskizuna zezen plazan.

Albisteko eduki batzuk Uztarria.eus-ekoak dira. Eskerrik asko!

KONPARTITU