Hau da, azken batean, parte-hartzeaz

960

(Uztarria) Sokamutilek eskatu bezala, hilaren 22an sokamuturrak beharko lukeela esanez iritzi artikulua idatzi du Enekoitz Esnaolak.

Sokamutilek hilaren 22an ere (igandez) sokamuturra jartzea eskatu zioten Udalari, batik bat herrian dagoen “zaletasunagatik” eta “festari segida” eman asmoz, baina Udaleko Festa Batzordeak ezezkoa eman du. Horren aurrean, bi gauza parte-hartzeaz:

1. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak web honetan esan du Udalean “eztabaidatu” dutela igandez ere zezena jarri-ez, eta ez antolatzea erabaki dutela. Oraingoz, erabakiaren egokitasunean sartu eta erabakiguneari berari zilegitasunik kendu gabe, pobrea iruditzen zait erabakia Festa Batzordean hartu izana. Oso ekimen herrikoia da sokamuturra, jendeari gustatu-ez, sokamuturreko bihotz eta arima ez da Udala, sokamutilak eta ganadutegiak baizik (jendeaz gain), eta horrelako erabaki bat momentuan Udalean egotea tokatu zaien politikarien artean hartzea, eragileekin batere hitz egin, kontsultatu edo eztabaidatu gabe, parte-hartzearen filosofia pobrea izatea da. Eta, zoritxarrez, udal hau kontuan hartuta, inkoherentea ere bai. Izan ere, Festa Batzordea bera danborradaren kontuan beste era batera ari da jokatzen, batik bat aurten, erabakiak eragileen artean hartzen ari dira, eta sokamuturraren gaian horrela aritzeak koherentziarik eza esan nahi du. Herri ekimenen aurrean zein da Udalaren jokamoldea, azken batean?

2. “San Sebastian eguna aurten ostirala da, larunbatean ez da ezer antolatuko eta, beraz, igandean sokamuturra antolatzea ez zaigu egokia iruditzen”, esan du Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak. Zergatik ez da egokia? Udalak berak, sokamutilek euren iritzian zioten bezala, ez al ditu urtean zehar, taldeekin elkarlanean, asteburu huts eta hitsetako giroa berpizteko ekimenak antolatzen? Hor daude kontzertuak, Erdi Aroko Azoka… Festa eta jai-opor garaiko hutsuneak betetzeko ere hasi zen Udala gauza berriak antolatzen: saninazioetan Izarraitz frontoiko jaialdia, orain Gabonetako jaialdia… Harrera onekoak aipatutako denak. Zergatik ez eman orain sokamuturrarekin segida sansebastianei? “Udalak hementxe du, sansebastianetan, beste aukera eder bat herrian giro ona sortzeko”, zioten sokamutilek, hilaren 22ko aukeraz. Eskaera logikoa ez ezik, Udalaren politikarekiko guztiz koherentea. Udalak sokamutilei eta zezenzaleei hilaren 22an parte hartzeko aukerak moztu dizkie.

Dena dela, sokamuturraren kontu honek, azken batean, herriko parte-hartze filosofiaren gaia islatzen du, ez besterik. Herri mugimenduaren lanaren ondorioz, gaia gero eta gehiago ari da mahai gainera irteten, uste dut udal hau ere ari dela pixkanaka Azpeitian Udalak eduki izan duen gerri-gogor hori mugitzen (hots, kontserbadore jarrera), baina eztabaida sakona eta sanoa egitea falta da. Denon onerako.

Bukatzeko, bi galdera: zergatik ez atera herri ekimen eta gai batzuk Udaletik, eta, beraz, zergatik ez zabaldu erabakiguneak?

KONPARTITU