Sokamuturra Argazki Lehiaketa itzuliko da

88

(Uztarria.eus) Karnabalekin batera, bueltan da Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatzen duen Sokamuturra Argazki Lehiaketa ere; aurten, XLII. edizioa izango da. Elegante Egunean, otsailak 27, astelehen karnabalean, otsailak 28, eta astearte karnabalean, martxoak 1, izango diren sokamutur ekitaldietan ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, eta bi sariketa izango dira. Alde batetik, Imanol Elias deiturikoa, eta, bestetik, Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia.

Imanol Elias kategorian, argazkiak zuri-beltzean aurkeztu beharko dira, eta ezingo da fotomuntaketarik egin. Egile bakoitzak gehienez bost argazki bidal ditzake lehiaketara, eta sari bakarra lortu ahal izango dute, sari berezia kontuan hartu gabe. Guztira, bost sari izango dira: lehenengoa —365 euro eta garaikurra—, bigarrengoa —235 euro eta garaikurra—, hirugarrengoa —200 euro eta garaikurra—, laugarrena —120 euro— eta bosgarrena —80 euro—. Horrez gain, Iñaki Joaristi Altzarte deituriko sari berezia ere banatuko dute, eta kategoria horren gaia “inauterietako jai giroa” izango da. Imanol Elias sariketa ez bezala, sail horretara koloretan aurkeztu beharko dira argazkiak, eta partaide bakoitzak bi argazki bidali ahalko ditu. 150 euro eta plaka jasoko ditu garaileak.

Baldintza teknikoak

Argazkiak paperean entregatu beharko dira —tamaina: 20×30 zentimetro—, eta horien atzealdean argazkiaren izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko dira. Horrez gain, argazkiak CD batean eta JPG formatuan ere aurkeztu beharko dira. Baldintza horiek betetzen ez dituzten egileen argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Lanak bidaltzeko, pakete edo gutun-azal itxi batean honako helbidera bidali beharko dira: Azpeitiko 326 PK-ra edo Dinamoa Sormen Guneko 1. solairura (Soreasu auzoa, 1). 

Lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean, osteguna, izango da; egun horretako 22:00etan amaituko da epea, hau da, egun horretarako argazkiek elkartean egon beharko dute. Epaimahaia AAEk osatuko du, eta sari banaketa ekitaldia martxoaren 19an, zapatua, izango da, 13:00etan. Egun horretan irekiko dute argazkiek osatutako erakusketa ere.

Gainera, erakusketara joaten diren ikusleek beren gustuko argazkiaren aldeko botoa emateko aukera izango dute, eta boto gehien jasotzen dituen argazkiaren egileak plakatxo bat jasoko du. Horrez gain, botoa ematen duten ikusleen artean hamar argazkiren 20×30 zentimetroko irudiak zozkatuko dituzte. Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute saritutako argazkiak AAEren esku geldituko direla, eta irabazleak ez diren egileen argazkiak erakusketa itxi eta hurrengo hamabost egunetan jaso ahal izango dira AAEren egoitzan.

Halaber, ohiturari jarraituz parte hartzaile guztiak afaltzera gonbidatuta egongo dira, eta irabazleek beren sariaren %30 emango dute afaria ordaintzeko; gainontzekoa norberak ordaindu beharko du.

Partaideentzat oharra

Lehiaketan parte hartu nahi dutenentzat oharra ere jakinarazi dute AAEko kideek. Adierazi dutenez, antolatzaileek ez dituzte bere gain hartuko ekintza garatzen den bitartean partaideek, ekipoek edota ondasunek izan ditzaketen kalteak. “Ekintzan parte hartzen dutenak izango dira beren buruaren, argazki ekipoen eta ondasunen arduradun bakarrak, baita ekintza garatzean hirugarrengoei eta bere ondasunei sor lekizkiekeen kalteenak ere. Ekintza honetan parte hartzeak berekin dakar arauok erabat onartzea”, nabarmendu dute.

KONPARTITU