Hilaren 22an ere bai azkenean

903

(Uztarria eta Urola Kostako Hitza) Atzo hartu zuen Udaleko Festa Batzordeak erabakia eta sokamutilei jakinarazi zien, bileran. “Sokamuturra jartzeko eskaera handia dagoela ikusi dugu”, esan du Mikel Ibartzabal Festa batzordeburuak.

Hilaren 22an ere (igandean) azkenean sokamuturra egongo dela erabaki zuten atzo (hilak 9) Udaleko Festa Batzordean. San Sebastian jaien segidako igandean zezena jartzeko eskaera egin zioten sokamutilek Udalari, hasiera batean ezezkoa eman zuen baina harrezkero jasotako eskaerak asko izan direla-eta, sokamuturra jartzea erabaki dute.

Mikel Ibartzabal Udaleko Festa batzordeburuak atzo goizean Festa Batzordeko bilera deitu zuen, eta bertan eskaeraren berri eman zuen. “Sokamuturra jartzeko eskaera handia dagoela ikusi eta jartzea erabaki dugu. Sokamuturra dagoen bitartean, herriko txarangaren bat ere jarriko dugu”, esan du Ibartzabalek.

Goizean bertan sokamutilei deitu zien Festa batzordeburuak, gauean elkarrekin bilera egingo zutela esanez. Gauez ordubetez egon ziren bilduta Ibartzabal eta sokamutilen ordezkaritza. Bi aldeek esan dutenez, “giro onean” joan zen bilera. “Sokamutilek gustura hartu zuten berria. Betidanik elkarren artean hartu-eman onak izan ditugu. Ni neu oso gustura nago sokamutilek egiten duten lanarekin”, esan du Ibartzabalek. Sokamutilak ere kontent zeuden batzordeburuaren “harrerarekin eta jarrerarekin”.

Beraz, hilaren 22an ere zezena, 16:30ak-20:00ak bitartean.

KONPARTITU