Hispanonekoan lotu zutenekoa

1061

(Uztarria) Ez da ohikoa San Sebastianetan bi aldiz izatea zezena. Ez da ohikoa zezena sokakoak baino lehenago iristea Plazara; are gutxiago soka Hispanonekoan lotzea. Aurten gertatu da dena, eta han zen Uztarria.

16:10. Sokamutilak bildu eta kafea hartzeko unea.

— «Ze mouz, Haritz?», galdetu diote Etxe-Zurineko aurrean beroketa ariketak egiten ari dela.

— «Txikiute! Hauek dituk aujetak! Eskerrak pixket ibiltzen gean…», erantzun du Haritzek.

Sokamuturreko bigarren eguna da gaurkoa, San Sebastian egunaren hurrengo eguneko hau, urtarrilaren 21ekoa, eta atzokoak gogorra behar zuen nonbait; atzoko sokamuturrak esan nahi da.

Sokan bost mutil aritu ohi dira, eta, atzo, Haritzekin berarekin batera, Aitor Iriarte, Oskar Osinalde, Txomin Larrañaga eta Aitor Unanue izan ziren beste laurak. Gaur, Txominen eta Aitor Unanueren ordez, Fernando Arakistain eta Ioseba Andoni Unanue ariko dira. Haritz, Aitor Iriarte, Oskar, Fernando eta Ioseba Andoni, beraz, boskotea. Riojanoneko paretik aterako duten zezena, berriz, Idi beltz izenekoa da, ia bost urtekoa.

16:15. Riojanoneko almazenetik soka aterata.

Boskote historikoa eta zezen historikoa? Gehiegi esatea litzateke, baina bai direla egun historikoko boskotea eta zezena. Izan ere, kafea hartzen ari direla mutilek ez dute berehala pentsatu gero zer gertatuko zaien: Plazara ailegatzerako zezenak pasatu! Horrek tripakomina sortzen die haiei, sokakoen obsesioa baita zezenak Erdi Kalean edo Plaza Txikian aurrea ez hartzea. Gaur, gainera, zezena plazara lehenago iristeaz aparte, besterik gertatu zaie sokakoei: ez dira Plazan ohiko argoilan lotzera garaiz iritsi eta Hispanoneko zutoinean lotu behar izan dute nola edo hala. Eta hori historikoa da; ez omen da inoiz gertatu, beteranoenek barre algaraz diotenez.

16:20. Esprint luzerako beroketa ariketak egiten.

«Bo, hola, lotu-lotu behin’ez, baño bueltan bat eman postiei bai, larrialdi baten», dio Aitor Unanuek, lagunen alde atera nahian edo.

Sokamutilak atsekabetuta ez, baina burumakur bai daudela pixka bat. Eta aitzakiak bilatu nahian, antza. Esplikazio bila.

– «Erdi Kalien erdialde arte ondo jun gaituk, distantzire zezena, baño geo hori abiyaie hartu duna! Zulau eingo ziaben», dio Oskarrek.

– «Nik esan diat sokie lau metro motzo zala», esan du, ahotsa eta besoak altxatuta, Fernandok.

16:28. Zezena ateratzeko prest, sokan, posizioan.

Aitor Iriarte ere ari da aitzakia baten bila:

— «Haritz zikan sokan lehenen, ta, joe, nik azkarro juteik banaukean, baño ezin», dio brometan.

Ez dirudi Haritzen eguna denik gaurkoa: lehen aldia zuen sokan aurreneko bezala —bigarren urtea du sokamutil gisa—, pasatu zaiena pasatu zaie, eta geroago gainera, Errebalean lurrera erori da bigarren edo hirugarren aldiz.

– «Nik ez zekiat motel ze pasatzen zaten! Berriz’e eroi nauk. Hau dek egune!», dio besoko arrastadari begiratzen diola.

16:30. Erdi kaleko sekuentzia.

Sokamutil ohiak —Zapatei, Patxo…— dagoeneko hurbildu zaizkie gaur egungoei, eta adarjotzea areagotu egin da. Fernando Bereziartua Pikua-k dio zezen irten berriekin handiak ezagututakoa dela, «baño hau bezelakoik ez»:

– «Urte batzuten zezenik gabe eon ta gero, atzoko egunez (oin hogeta hamar urte) hasi huan berriz zezena kalea ateatzen. Neuk erten nian sokan, Joxin Beloki, Xabier Madina, Iñaki Altuna Pipas, Xanti Aranguren Xerraie ta Juan Mari Gurrutxaga Txokolo-kin batea (uste diat baten bat ahaztu zatela). Behin, handik bost bat urtea-eo, atea giñian zezena Etxe-Zurineko zea hartatik, ta ondo alleau gituan Plaza, baño zezena hain txarra huan, Silvestre Otamendi zanak (alkatie huan orduen) esan zikan zezen hare azkar erretiratzeko. Ta berriz Etxe-Zurinekoa eaman giñian. Orduen beste bat atea giñian, handik; larra-behi bat. Tximistie bezela etorri huan Erdi Kalien gora, ta neu bakarrik alleau nituan Plazako argolla. Baño larra-behi hare segituen eroi ein huan ta ezkerreko adarra hautsi zian. Hola ezin huan segiu ta hare’re Etxe-Zurinekoa eaman ber izen giñian. Ta beste bat atea ber; Botijo. Harek ez gatxikan pasau plaza bitartien».

(Goi-goiko argazkia) 16:31. Sokamutilak zezena Hispanonekoan lotzen.

Anekdota polita da hura. Eta baita gaurkoa ere. Anekdota historikoa. Besterik gabe.

20:15. Lan eskergaren osteko uneak. Zokoaneko aurrekoan sagardoa edan, zerbait jan, soka bildu, eta beteranoekin argazkia ttak… broma artean.

KONPARTITU