Jonatan Estebanez ‘Peta’ izan da irabazlea Errekortari Txapelketako lehen finalerdian, Azpeitian. Zezen-plaza ia dena bete da Zezen Beltz II. sarian. Elkarteak oso gustura bukatu du, eta jendea eta eragileak eskertu ditu. (bideoak: Urola Kostako Hitza) Argazki bilduma.
Atzo (igandea, uztailak 22), Errekortari 2012ko lehen finalaurrekoa eta Zezen Beltz II. saria jokatu ziren Azpeitiko zezen-plazan. Plaza jendez bete zen aurtengoan ere; hiru laurden pasa. Nafarroako Makua ganadutegiko zezen dotoreak ikusteko aukera izan zen, eta parte hartu zuten hamasei errekortariek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Jonatan Estebaez Peta izan zen irabazlea.
Zezenek sustoak ere eman zituzten, pare bat aldiz zezen-plazako hesiak saltatzen saiatu ziren, eta Chipu de Arganda errekortariak adarkada jaso zuen eta Zumarragako ospitalera eraman zuten —antolatzaileen arabera, errekortariak ez zuen zauri larririk—.
Errekorte ederrak eta jauzi ikugarriak ikusteko aukera izan zen atzokoan. Errekortarien artean, Azpeitiko sokamuturrean ezagunak diren Iker Agirre Txili eta Unai Arana Xurra bergararrak ere aritu ziren.
Aurreneko saioen ondoren, lehen lau sailkatuek jokatu zuten Zezen Beltz saria: Sergio Vallek, Julian Gomez Carpio-k, Petak eta Sergio Urrutikoetxeak. Sariaren irabazlea Peta izan zen, eta errekorte onenaren saria, berriz, Vallek irabazi zuen.
Zezen Beltz elkarteak oso gustura bukatu zuen eguna. “Egun biribila izan zen: plaza ia guztia beteta, giro ederra, eguraldi ona, zezen onak, eta errekortariek dena eman eta gustura bukatu zuten”. Zezen Beltzek eskerrak eman dizkie plazara joandako ikusleei, laguntzaileei, hango langileei, udalari eta bereziki DYAri.
Azpeitiko atzoko errekortarien ikuskizuna ETB1ean emango dute uztailaren 29an (igandea), 21:00etan.