June Urain: “Garrantzitsua da konfiantza hartzea”

1008

Datorren igandean errekortarien ikuskizunean (zezen plaza, 17:00) parte hartuko du June Urainek (Azpeitia, 21 urte), Zezen Beltz XII. aste bukaeran. Bere hirugarren saioa izango du.

Noiz hasi zinen zezen giroan murgiltzen?

8 urte nituela, saninazioetan, lehen aldiz izan nintzen Pilotalekuan zezen txikiekin izaten diren jolasetan, jartzen duten plaza txiki horretan. Bestetik, txikitan amak beti ateratzen ninduen sokamuturrera.

Eta errekortari bezala?

Iaz egin nuen aurreneko saioa: Azpeitiko zezen plazan, urrian, ganaduzaleen aldeko saioan. Aurtengo ekainean ere aritu naiz: Tolosan.

Nolatan errekortari?

Xabier Iturralde errekortariak animatu ninduen. Betitik ezagutzen dugu elkar, eta galdetu zidan ea zergatik ez nuen probatzen. Baiezkoa esan nion, eta Azpeitiko saio hartan jardun nuen. Aurretik egin nuen entrenamenduren bat, Saka ganadutegian: konfiantza hartzeko, nola kolokatu jakiteko…

Ez da ohikoa neskak ikustea errekortari.

Ez. Azpeitiko eta Tolosako saioetan neu baino ez nintzen neska. Dena dela, hurrengo igandean Zaragozako neska bat ere ariko da: Leonar. Instagramen segitzen hasi zitzaidan, eta badugu jada harreman bat.

Nola sentitzen zara errekortari lanetan?

Oso urduri egoten naiz. Izan ere, oso gutxi entrenatzen naiz. Orain entrenamendu bat egin dut, Lopene ganadutegian. Garrantzitsua da konfiantza hartzea. Neure adineko jendearekin jardun nuen.

Lehen bi argazkietan, June Urain, iazko urrian, Azpeitiko zezen plazan, errekortarien saioan.

Zer diote ingurukoek?

Asko animatzen naute, eta esaten didate harro daudela nitaz eta meritua dudala. Saioak ikustera etortzen dira etxekoak eta lagunak, eta indarra ematen dit horrek.

Helduen sokamuturrean sekula ez da egon sokaneskarik.

Behin bakarren batek aipatu zidan, baina sokaneska izate hori urruti ikusten dut. Ez naiz jarri pentsatzen.

Txikien sokamuturrean izan zinen.

Bai, txikien aurrenekoa izan zenean. 2011. urtea zen, eta sokan neu bakarrik nintzen neska, bost mutilekin batera.

June Urain (argazkian, ezkerretik laugarrena), 2011ko urrian, Zezen Beltz III. aste bukaerako txikien sokamuturrean. Besteak, ezkerretik hasita, Urko Arrieta, Bersaitz
Arzamendi, Joseba Azkue, Eneko Martija eta Andoni Cardenas. Beheko argazkian, June Urain, orduan.
KONPARTITU