Iñaki Zuloagak agur sokamutil izateari

899

(Uztarria) Iñaki Zuloagari umetatik datorkio zezenarekiko zaletasuna. Orain dela 14 urte egin zen sokamutil, baina aurtengoa izango du sokaren zaindari igaroko duen azkena; karnabaletan sokari uzteko erabakia hartu du.

Noiz egin hintzen sokamutil?

1993. urtean. Aurten 14 urte beteko ditinat sokamutil. Fernando Pikua-k egin zitenan proposamena Errebaleko festetan. Hasieran, pixka bat arrapaladan harrapatu nindinan eskaintzak, baina zezena bukatzerako baiezkoa eman nionan.

Zergatik hartu duk orain sokari uzteko erabakia?

Alde batetik, adinagatik, ez naizelako batere zaintzen; bestalde, lanarengatik, hemengo festetan ez dudalako jai izaten. Norbaitek min hartuz gero, ezin dinat libre egongo naizela ziurtatu. Gainera, gazteei paso eman behar diegula uste dinat.

Galtza zuriak eskegi ondoren, jarraituko al duk zezena zirikatzen?

Etortzen uzten badidate bai, barruan daramadan sentimendua delako. Lana egin behar badut, ezin izaten dinat zezenean irten; aldiz, familiarekin etortzen banaiz, ez dinat irteten eta, horretarako, nahiago dinat ez etortzea. Nahiago dinat ikusi eta ez irtetea baino urruti egotea.

Pasadizo kuriosoren bat bai kontatzeko?

Sokamutil bezala irtendako lehen urteko karnabaletan —1993. urtean— ni neu izan nindunan zezenak harrapatutako lehen pertsona. Gainera, Iñaki Etxenagusiak sari bat irabazi zinan nire gertaeraren inguruko argazkia aterata.

Hementxe dela, hementxe dela… soka uzteko garaia…

Nostalgi puntu bat badinat baina, ahal dudan guztietan, hementxe izango naun.

KONPARTITU