Iturralde: “Arraza hau zaintzen bada, etorkizuna ona izango da”

945

Bihar (asteazkena) izango da Azpeitian, Soreasu antzokian (19:00), Suharra dokumentalaren emanaldia. Euskal Herriko behi arrazen inguruko lana da. Euskal Larrabehi eta Zezenzale elkarteek ekoitzi dute, Ikusmin ikus-en tzunezkoen laguntzarekin. Proiektuan sartuta izan da Xabier Iturralde (Azpeitia, 2000), grabazioan laguntzen, argazkiak ateratzen, eta ganadua mugitu edo geldirik eusten. Ordubete inguruko iraupena du.

Nola sortu da Suharra dokumentala?

Axier Albite zumaiarrak buruan zeukan Euskal Herriko zezen eta behi arrazen inguruan zerbait egitea, eta, azkenean, gure ondare kultural hau dokumentala batean jaso dugu.

Zer azpimarratzeko?

Bertako arraza dela esateko ez ezik, adibidez ganadutegi eta baserrien munduan bizi diren lagunen lana baloratu nahi izan dugu, eta ikusgarritasuna eman. Tartean, emakumeena; beti hor daude baserriko lanean, baina ikusezina da haien ekarpena. Zezen eta behi hauek naturaren eta mendien bioaniztasunaren alde eta suteen kontra daukaten paper garrantzitsua ere agerian jarri nahi izan dugu.

Xabier Iturralde.

Noiz grabatu duzue?

Pandemia garaian. Dena dela, lehendik zegoen ideia; ez da izan pandemiak alor honetan ere sortu dituen arazoengatik egindako dokumentala. Nondik gatozen, nola gauden eta nora goazen kontatu nahi genuen, eta orain egitea suertatu da.

Non grabatu duzue?

Euskal Herriko ganadutegi denetan, esango nuke. Besteak beste, Azpeitiko sokamuturrera etortzen direnetan. Elkarrizketa asko egin ditugu, baina ez ganaduzaleei bakarrik; errekortariei egin dizkiegu, zaleei, edota, transmisioa lantzearren, gaztetxoei ere bai.

Ekainaren 4an estreinatu zenuten Suharra, Lasturren. Non gehiago izan zarete?

Hernanin, Tolosan, Azkoitian, Soraluzen… Bihar [asteazkena], Azpeitian eskainiko dugu. Bagabiltza batean eta bestean. Aurrerago, YouTuben ikusgai jarriko dugu.

Xabier Iturralde, Suharra-ren grabazioan.

Eta, finantzazioa?

Udal batzuen diru laguntza jaso dugu. Azpeitikoarena, adibidez. Dokumentala ez dugu salgai jarri.

Zer etorkizun ikusten duzue?

Positiboa. Afizio handia dago Euskal Herrian, eta, arraza hau zaintzen bada, etorkizuna ona izango da.

(Goi-goiko argazkian, Xabier Iturralde azpeitiarra —elastiko zuri-gorriarekin—, Suharra-ren grabazioko une batean).

KONPARTITU