Jexux Artola argazkilariari elkarrizketa DVDaz

924

Gaur 20:00etan aurkeztuko dute Azpeitiko sokamutilak DVDa, Sindikatu Zaharrean, eta sokamuturraren inguruko mahai-ingurua egingo dute. Sokamutilek eta Argazki Elkartekoek utzitako irudiekin osatu du lana Artolak; bihartik jarriko dute salgai, “modu onean”.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea da Jexux Artola eta Azpeitiko sokamuturrean argazkiak ateratzen ibili zalea ere bada. “Beste askorekin batera urteetan nabil herriko sokamuturrean argazkiak ateratzen”, dio Artolak. Ia konturatzeke hasi zen sokamutilen argazkiak biltzen, eta azkenean jardunaren jardunaz eta ikasizAzpeitiko sokamutilak DVDa osatu du. Gaur (ostirala) aurkeztuko dute Sindikatu Zaharrean, 20:00etan. Zezen Beltz elkarteak gaurtik igandera bitartean antolatutako ekitaldietako bat izango da gaurko DVDaren aurkezpena eta sokamuturrari buruzko mahai-ingurua.

Nolatan hasi zinen Azpeitiko sokamutilak DVDa egiten?

Bada, sokamutila den lagun batek, esan zidan sokamutilen arteko bazkaria zutela eta nahi banuen argazkiak ateratzera joateko. Hasieran, horretarako argazkilari profesionalak badaudela pentsatu nuen neure artean. Baina, gero, “zergatik ez joan eta neure artxiborako argazkiak atera?”, esan nion neure buruari. Orduan, Azpeitiko Argazki Elkarteko hiru lagun joan ginen sokamutilen arteko bazkarian argazkiak ateratzera. Argazki Elkarteko Juan Carlos del Pozo eta bion artean sokamutilei argazkiak atera genizkien. Bazkaritara 42 sokamutil joan ziren. Baina, bazkaritara joan ez ziren sokamutilak ere baziren, eta ondoren falta ziren horien argazkiak inguratzenjardun nuen. Halaxe 58 sokamutilen argazkiak jaso ditugu DVDan. Ez dakit denak dauden, nire galdera horixe da: beste sokamutilik ba al da?

Asko kostatu al zaizu DVDa osatzea?

DVD bat egiten dudan aurreneko aldia izan da, eta jardunaren poderioz ikasi dut. Esaterako, musika Juan Mari Ibarzabalek jarri dio DVDari, eta bide batez neuk ere ikasi dut nola egiten den hori. Orain, ikasi dudanarekin beste batzuk egiten probatzen ari naiz. Denbora aldetik, hilabete batean egiteko modukoa zela uste nuen, baina azkenean 4-5 hilabete behar izan ditut bukatzeko. Ikerketa lanean ibili behar izan dut, kazetarien antzera.

Ezustekorik topatu al duzu lan hau egiteko bidean?

Bai, bai sorpresa batzuk ere topatu ditut. Argazki batzuk lortzeko Zumaiara eta Donostiara joan behar izan dut. Eta sokamutil batena, Santanderretik bueltan lortu dut, lagun baten bidez. Bestalde, igoal uste nuen sokamutil batek urteak emango zituela sokamuturrean, eta bai zera! Bakarren bat bada egun batean bakarrik irten zuena sokan eta beste bat, berriz, lau egunetan bakarrik irtendakoa.

Guztira zenbat argazki bildu dituzu DVDan?

Denera berrehun argazki inguru jaso ditut DVDan. Sokamutilen bidez lortu ditut batzuk, batzuei eta besteei eskatzen ibili naiz. Azpeitiko Argazki Elkartetik ere jaso ditut, batzuk zaharragoak direnak eta besteak, berriz, berriagoak. DVDan jasotako argazki zaharrena 1954. urtekoa da, Jexux Arrutiren senideek emandakoa. Lana bukatutakoan esan didate zaharrago batzuk ere badaudela eta pasatuko dizkidatela.

DVDaren ezaugarriak

Izenburua. Azpeitiko sokamutilak.

Egilea. Jexux Artola; Azpeitiko Argazki Elkarteko kide batzuekin egin du.

Argazkiak. 200 argazki inguru.

Musika. Azpeitiko Inauterietako musika.

Iraupena. 22 minutu.

Aurkezpena. Gaur, 20:00etan, Sindikatu Zaharrean. Horrez gainera, sokamuturraz mahai-ingurua izango da. Hizlariak: Jexux Artola (Azpeitiko Argazki Elkarteko kidea), Joxin Beloki (sokamutil izandakoa), Anton Albizu (Albizu ganadutegikoa) eta Oskar Osinalde (sokamutila).

Zezen Beltzen asteburua

Larunbatean eta igandean ere ekimenak. Asteburu osorako hainbat ekitaldinatolatu ditu Zezen Beltz elkarteak. Gaur mahai-ingurua eta DVD aurkezpena izango dira, 20:00etan, Sindikatu Zaharrean. Bihar, esaterako, 11:30ean hasiko dira ekitaldiak herriko plazan —DVDa bihartik jarriko dute salgai, “modu onean”— eta 13:00etan haurrentzat zezen karretoia izango da. 17:00etan, zezen jolasak eta zezen enbolatua, zezen-plazan. Sarrera, bi euro izango da.

KONPARTITU