(ErloTB) Aurten ez da karnabalik ospatuko Azpeitian. Aurten ez da sokamuturrik izango, ezta Elegante Egunik ere. Aurten ez dira kolorez eta irudimenez jantziko kaleak. Karnabalak modu berezian bizi dituzte Belen Zendoiak, Alex Berasategik [argazkian] eta Esteban Camposek, eta haiekin solastu da Erlo Telebista. BIDEOA
Eta hemen, Urola Kostako Hitza egunkarian gai beraz egindako artikuluko Alex Berasategiren zatia:
(…) Festak beste ikuspuntu batetatik bizi ditu Alex Berasategik. Sokamutila da bera [2006. urtetik], eta karnabaletan ordu asko hartzen ditu sokamuturrak; jaiaren beste osagarri bat da. Azpeitian handia da sokamuturraren bueltako zaletasuna, eta jendetza ateratzen da kalera zezenetara. Aurten ez da sokamuturrik izango, eta zaleek ez ezik, sokamutilek ere tristuraz bizi dute egoera. “Uste dut psikologikoki prestatuta geundela. Urte gogorra izan da, eta pentsatzen genuen ez zela festarik egongo. Baina orain, momentua iritsi denean, iazko irudiak ikusita, pentsatzen dugu ‘jo, aurten ez dugu halakorik izango’, eta gogorra eta tristea da”, aitortu du Berasategik.
Sokamutilentzat karnabalak “oso bereziak” direla dio Berasategik: “Zezenaren bueltan dagoen festa da guretzat. Karnabalak baino zertxobait lehenago hasten dira inauteriak guretzat, egun horietako sokamuturraren egutegia egiten hasten garenean. Dena den, Larunbat Karnabalarekin batera hasten gara festa giroan murgiltzen. Sokamutil guztiok elkartu eta bazkaria egiten dugu egun horretan. Egia esan, oso egun bereziak izaten dira”.
Karnabaletako unerik berezie-na zein den galdetuta, Berasategik dio “egun guztiak bereziak” direla, baina azken urteetan indar handia hartu duela Elegante Eguneko arratsaldeko zezenaren irteerak. “Uste dut lehen jende asko joaten zela bazkaltzera. Pixkanaka-pixkanaka ohiturak aldatzen ari dira, eta jendeak nahiago du hamaiketakoa egin eta ondoren zezenaren irteeran parte hartu. Urtero egon da giro ona zezenaren irteeran, baina azken urteetako booma progresiboa izan delakoan nago”, azaldu du.
Ganadutegiak izan ditu gogoan azpeitiarrak: “Sokamuturrik ez dagoen honetan, egoera zaila bizitzen ari dira ganadutegiak, eta haiei gure babes guztia adierazi nahi genieke. Espero dugu laster itzuliko garela lehengo ohituretara”. Hurrengo urtera begira jarrita, karnabalak egotea nahiko lukeela dio Berasategik, eta badu esperantza. “Bizimodu normal batera iristea nahiko nuke, festak betiko moduan ospatzea eta sokamuturra egotea. Horixe eskatzen dut”.