Merezitako ospakizuna

2121

Gaur aurkeztu du Azpeitiko sokamuturrak 500 urte (1518-2018) Herri Batzordeak ospakizuna, Sanagustin kulturgunean. Urtarrilaren 9tik otsailaren 13 arteko egitaraua izango da; betea dator, eta berritasun ugarirekin. (aurkezpeneko argazkiak)

2018a data esanguratsua dugu Azpeitian: herriko kaleko zezenak-sokamuturrak 500. urtea du. Gutxienez, 500. urtea. 1518koa da aurkitutako idatzizko lehenengo datua. Imanol Elias Odriozola historiagileari zor diogu aurkikuntza.

Hasieran kaleko zezena zen, ustez sokarik gabe –igual izango zuen soka txikiren bat edo lepokoren bat–. Sokamutur bezala, 1567koa da jasota dagoen lehen albistea. Guk 1518koa hartu dugu erreferentzia historiko gisa. Bere garaian Zezen Beltz Elkarteak, Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentala egitean, Imanol Eliasi aipatu zion hori, 500. urteurrena bazetorrela-eta; Imanol ere ados zen. Azken batean, kalean zezena hartzen dugu ardatz. Gerora, normalez, sokarekin ibili izan da zezena, baina tarteka suelto ere bai; Pilotalekuan, adibidez.

Garaiak garai –tartean behin, debekuak eta guzti–, azpeitiarrok bost mendez eutsi diogu tradizioari. Sokamuturraren zaletasunak, beraz, sustrai sendoak dauzka Azpeitian. Txikitatik arnasten da, transmisioa dago, kale giroa. Herriko festetako ikur nagusietako bat da.

HERRI BATZORDEA

Uste dugu merezi duela Azpeitiko kaleko zezenaren-sokamuturraren bosgarren mendeurrena gogoratzea eta ospatzea, eta Herri Batzordea osatu dugu hori antolatzeko.

Joan den urrian eman genuen batzordearen sorreraren berri, baina maiatzetik ari gara lanean. Zezen Beltz Elkarteak, lehengo eta gaurko sokamutilek, Argazki Elkarteak, Musika Bandak, Udalak eta sokamuturzaleek osatzen dugu batzordea, eta edozein herritarrek izan du proposamenak egiteko aukera Internet bidez edo bestela.

EGITARAUA

Egitaraua hilabete batean kontzentratu nahi izan dugu, ekitaldiak urte osoan banandu beharrean. Hartu dugun aldia logikoa da: sansebastianetako garaitik karnabalak artekoa, bi festa horietan izaten baitira herriko sokamuturraren hitzordu nagusiak.

Hain zuzen, urtarrilaren 9an hasiko dugu ospakizuna, eta oraingo egitarau hau astearte karnabalean bukatuko da: otsailaren 13an. Aztertuko dugu urtean zehar beste zerbait egin ala ez; ideiak badira, baina egitekotan, modu soltean egingo genituzke.

Orain, urtarrilean eta otsailean, izango dira: ohiko sokamuturreko argazki lehiaketa, karnabaletako kontzertua, sokamutur irteerak eta haurrentzako zezena…

Berritasun batzuk badira egitarauan:

– Urtarrilaren 13an argazki liburua aurkeztuko dugu, Argazki Elkarteak egindakoa. Argazkilaritzak protagonismo handia du Azpeitiko sokamuturrean, 1980tik lehiaketa antolatzen baita karnabaletan, eta horietako irudietan oinarrituta dago liburua. Bestetik, urtarrilaren 9tik otsailaren 13 arteko argazki erakusketa bat ere izango da hainbat lekutan. 2018an, gainera, badugu beste efemeride borobil bat: 100 urte beteko dira herriko sokamuturreko lehen argazkia ezagutzen denetik. 1918koa da, plazan ateratako bat da; jendetza ageri da.

– Beste berritasun bat: Azpeitiko sokamuturrari buruzko pelikula bat estreinatuko dugu, urtarrilaren 27an, Soreasun. Jai karnabaleko arratsaldeko zezenaren irteera aurreko momentuak jasotzen dituen lan bat da, artistikoa, kalitatekoa. Xanti Rodriguezek zuzendu du, Herri Batzordearekin elkarlanean.

– Urtarrilaren 27an bertan egingo dugu ospakizuneko ekitaldi nagusia, Soreasun. Sarrera, doan. Eta ondoren, herri afaria, Loiola hotelean. Afariko tiketak salgai daude Eguzkitzan, Juantxo Txikin eta Sanagustinen.

Sansebastian eta karnabal festa arteko bi igandeetan helduen sokamuturra egongo da: urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an. XX. mende hasieran hala izaten zen, eta bosgarren mendeurren honetarako usadioa berreskuratu nahi izan dugu.

Urtarrilaren 21eko sokamuturreko irteera, berriz, Etxe Zurineko garajetik izango da. Urteetan 1980 arte handik izan zen irteera, eta hori ere berreskuratuko dugu ospakizunean, behin.

– Otsailaren 11n, jai karnabalean, lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek omenaldia jasoko dute eguerdiko zezenean.

– Eta, dagoeneko jakina denez, San Sebastian egunean umeen danborradako karroza sokamuturrari buruzkoa izango da. Nekane Azpiazu azpeitiarrak irabazi du udal lehiaketa. Artzai-iñudeetan ere ateratzen dute karroza, jai karnabalean.

Egitaraua PDFan

KONPARTITU