Nola egiten da soka?

1243

(Uztarria) Datu historikoei begiratu bat emanez gero, 1518. urtean jada Azpeitian zezena izaten zela ikus daiteke; sokamuturra, alegia. Baina zezena beti ez da ibili izan sokarekin, libre ere ibili izan delako. Ez oso aspaldi, gainera; izan ere, oraintxe dela hiru bat dozena urte Pelotalekuan ibiltzen zuten zezena, solte, parkean. Kondairak dio gaur egun Ilunpe soziedadea dagoen etxe barrura ere sartu zela behin zezena, Meltxoraren etxeko atea jo adarrarekin, Meltxorak ezagunen bat zelakoan atea ireki eta orduantxe bisita ederra!…

Pelotalekuko ohitura hura, ordea, desagertu zen, eta badira urte ugari sokari lotuta ibiltzen dela zezena sansebastianetan eta Inauterietan. Baina nola egiten da soka?

Fernando Bereziartua Pikua-k urteetan egin izan du soka, eta lehengo urtetik gaur egungo sokamutilek beraiek egiten dute, Udalak kuartel zahar azpian utzitako lo-kalean. “Orain dela bi Xipri Aranberri sokatumil ohiaren baserrira joan ginen taldeko laupabost lagun, soka nola egiten den ikastera. Hiru bat egunean han aritu ginen Xipriren baserrian, Nuarben, trikimailu guztiak ikasi nahian, eta lehengo urtetik guk geuk izan dugu soka prestatzeko ardura”, dio Oskar Osinalde sokamutilak.

Lokala bera oso txikia da, hamabi bat metro karratukoa, eta “baina zerbait da” eta “gustura” egoteko moduan dira sokamutilak, Oskarrek esaten duenez.

Haritz, orain bi urte, zezena atera aurretik, soka ateratzen.
Beraien lana ez da soka bera egitea, eskatzen dituzten sokak uztartzea eta zezenerako prestatzea baizik. Donostiako denda batetik ekartzen dute, Arenzana dendatik. Donostiako dendarik zaharrenetakoa da Arenzana, 102 urte dituelako, eta sokak, kortxoak eta antzeko produktuak saltzen ditu. “Baina Azpeitira bidaltzen dugun soka ez da hemen egindakoa”, kontatu dio Uztarriari Paco Arenzana denda-jabeak. “Espainiatik, Ciezatik (Murtzia) ekartzen digute, hango enpresa handi batetik. Garai batean Murtzia alde horretan sokak egitera dedikatzen ziren enpresa gehiago zegoen, eta orain guri ekartzen diguten hori da nagusietakoa”, dio Paco Arenzanak.
Kalamuz egina

Kalamuz (cáñamo, gazteleraz) egindako soka da zezenekoa, baina material hori ez da Murtziakoa bertakoa, Mozambiketik, Madagaskartik edo Filipinetatik (Manila hiriburutik) ekarritakoa baizik. Gainera, gaur egun ez da kalamu hutsekoa, linuarekin nahastuxe egindako sokak direlako, “mutilentzat eskurako ez hain lakarrak izateko, gozoago baizik”, Arenzanak kontatzen duenez.

Haritz eta Oskar, soka biltzen.

Mutilek soka eginda jasotzen dute. Bi soka mota, hain zuzen ere. Bata bestea baino meheagoa: meheena 26 milimetroko lodierakoa da eta bestea 36 milimetrokoa. Meheena 50 metrokoa da eta bestea 30 metrokoa jasotzen dute baina gero lodia moztu egiten dute, zazpi bat metrotan utziz. Eta orduan hasten da beraien lana. Soka bana puntatik 40 bat zentimetro askatzen dute, punta bakoitzean lau hari soltean geratzen dira, eta soka lodiko eta meheko zortzi harri muturrok ezkontzen hasten dira, uztartzen, hari finenak soka lodira pasatuz eta hari lodienak soka finera, azkenean soka lodia eta mehea bat eginda utzi arte.

Soka lodia zezena lotuta egoten den lepokora lotua egoten da, eta hor ere soka puntan hari solteak egin, buelta eman lepokoari eta halaxe prestatzen dute parte horretako soka. “Zezena topera iristen denean —dio Oskar Osinaldek—, kantoiekin-eta kontuz ibili beharra dago, soka ez eteteko. Orduan, kantoi parean-eta hobe izaten da soka lodia harrapatzea eta ez fina, hartara zailagoa izango delako puskatzea. Eta tokian-tokian soka bera luzeago edo motzago jartzen dugu; kontrolatua dugu hori”. Azken batean, soka bakoitza 50-55 bat metrokoa da.

Uztarria sokamutilen lokalera joan zenean, Aitor Cordoba taldekidea ere lanean ari zen Oskarrekin batera, “baina batek bakarrik ere presta dezake soka”, zioen Aitorrek. Aurten, sansebastianetan irten du aurreneko aldiz sokan berak, eta orain soka prestatzean “ikaste prozesuan” dabil. “Horregatik” utzi diote “lanik errazena, bi sokak uztartzeko lana, lepokora lotze hori delikatuagoa delako”, Oskarren dioenez. Soka bakoitzeko lepoko bat ere erabiltzen du gaur egun. Denera, ordu eta erdi inguru behar omen da zezenerako soka bat prestatzen eta egokitzen.

Gaur egun irtenaldi bakoitzeko soka berria erabiltzen dute, “seguruago egoteko betiere”, ez dute lehortzen-eta uzten, “soka dezente izorratzen baita arratsalde batean, are gehiago euria egiten duenean”, Oskarrek esaten duenez, “eta Udalak arazorik ez daukanez sokak ordaintzeko, ba hobeto”.

Merke

Arenzana dendakoak dio 50 metroko soka finak 186,06 euro balio dituela. Soka lodia, berriz, 30 metrokoa saltzen die Arenzanak eta soka horrek 243,65 euro balio ditu; mutilek soka bakoitzerako lodi hori zazpi metrotan uzten dutenez, 56,85 euro. Beraz, zezenerako ateratzen den soka bakoitzak 240 bat euro balio ditu. Huskeria.

Arenzanak esaten du beraiek behintzat ez dutela sokamuturrerako halako sokaren eskaerarik. Zezenak ere txikiagoak izan beste tokietan! Eta ohitura ere desberdina, beste herrietan ez delako kalez kale ibiltzen zezena. “Hemen, Azpeiti-an, zezenek pisu aldetik tope bat dute, baina gertatzen da zezen txiki samarrentzat soka hau oso astuna dela, leher eginda bukatzen dutelako pisuarekin”, dio Oskar Osinaldek. Lehen aldean, ordea, zezen gehiago ateratzen dituzte; lehen, arratsalde bakar batean hiru edo, eta garai bateko sokamutilek kontatzen dutenez, “zezenak mingaina kanpoan zuela bukatzen zuen, ezinean”, eta gaur, aldiz, sei-zazpi ateratzen dituzte.

Soka segurua den arren, inoiz eten edo puskatu izan da. Azkeneko aldiz, esate baterako, iaz, sansebastianetan, Eliz kaleko eta Erdi kaleko kantoian, Erdi kalekoan. Plazan harrapatu zuten. Harzubian, Eliz kalean edo Enparan kalean ere puskatu izan da soka.

Orain dela hamar urte soka eten egin zen Harzubian, irudian ikusten denez.
Hautsi gabe ere badu, ordea, sokak arriskua. Tope egiten duenean tenkatzen denean, adibidez; 1980ko hamarkadaren ha-sieran Luxiano Lazkano orduko alkateak bernezurra hautsi zuen. 1899koa, ordea, bitxiena: bi azpeitiarrek soka moztu zuten; Azpeitiko Udalak parte sartu eta epaiketa eta dena izan zen.
Sokaren istorioak. Afrikan eta Asian hasten direnak, Azpeitian bukatzeko.
Goi-goiko argazkian, Oskar Osinalde eta Aitor Cordoba sokamutilak, soka prestatzen, orain hiru aste.
KONPARTITU