Senperena sokamutil berriaren hasiera berezia

1285

Hasiera onik egin ez arren, sokamutil jarraitzeko gogorik ez zaio xahutu Joseba Senperenari (Bidania-Goiatz, 1987). Azpeitiko inauterietako sokamuturretan hartu du parte estreinakoz, eta eskuin eskumuturra hautsi du.

(argazkian, Joseba Senperena, aurtengo karnabaletan, Erdi kale behean).

Eskumuturra hautsi duzun arren, zer moduzko debuta izan da?

Ederra izan da, egia esan. Beti hor inguruan ibiltzen ginen eta sentsazio onak izan nituen. Ez nuen halako eragozpenik espero, baina orokorrean polita izan da.

Lesionatu zarela kontuan izanda, hasiberriegia izan zarela uste al duzu?

Ez, ez dut uste hasiberria izateagatik gertatu zaidanik. Zorte txarra izan nuen, besterik ez. Zezena gertu dabilenean arriskua ere gertu izaten da, eta horixe bera gertatu zitzaidan. Hesi baten gainean nengoen, eta zezena nigana zetorrela ikusirik, jauzi egin nuen. Lurrera erortzerakoan, oreka galdu, eskua gaizki jarri eta horrela hautsi nuen eskumuturra.

Beraz, ez zen istripu larririk izan.

Zezenak ez ninduen harrapatu, ezta halakorik ere. Hala ere, gaua Zumarragako ospitalean pasatu nuen. Eskuin eskua tokitik ateratzeaz gain, haustura txiki bat izan dut. Eusteko, hiru orratz jarri dizkidate eta sei aste barru kenduko dizkidate. Une honetan, igeltsuarekin babestuta daramat.

Astelehenean gertatu zitzaizun…

Igandean goiz eta arratsaldez sokamuturrean aritu ondoren, astelehen arratsaldeko lehen zezenarekin gertatu zitzaidan zoritxarrekoa. Egurrera askotxo joaten zela eta arreta dezente galtzen zuela konturatu ginen. Halako batean nigana jo zuen, eta barrera txikituta, lurrean bukatu nuen.

Asteartean ere bazen sokamuturra, baina paso eman behar izan zenuen, ezta?

Hala da. Astearteko sokamuturrean ez nuen hartu parte, nagoen moduan egonda ez delako plana. Ea azkar errekuperatzen naizen, berriz parte hartzeko.

Nondik datorkizu zuri sokamuturrerako grina?

Txiki-txikitatik sokamuturrean aritu naiz, baita zezenen inguruko jarduera guztietan ere. Sokamutil dabiltzan lagunak nituen, eta haiei beti galdetzen nien beren funtzionamenduari buruz. Aurten, jendea falta zutela-eta, nitaz gogoratu ziren.

Horrela sartu al zinen sokamutil?

Bai, hala izan zen. Inauteriak baino astebete lehenago sartu nintzen. Jendea behar zuten, lehendik zebiltzan sokamutil batzuk lesionatuta zeudelako. Bata eta beste, taldean negoen. Nahiko bat-batekoa izan da, oso azkarra.

Sokamutil izateko zer-nolako baldintzak bete behar dira? Edonor izan al daiteke sokamutil?

Sokamutil izateko fisikoki prestatuta egon behar da. Nik pilotan jokatzen dut, esaterako. Horretaz gain, zezenetarako zaletasuna eduki behar da; zezenak ukitzeko beldurrrik ez izan eta horien alboan ibiltzen jakin.

Sokamuturrak jai giroan egiten dira. Sokamutilok gehiago zaindu eta gutxiago edan behar izaten al duzue egun horietan?

Denetarik dago. Azken finean, ondorioak norberak jasotzen ditu. Beraz, bakoitzak jakingo du. Izan ere, zezenak emadako kolpeak ez dira txantxetakoak. Hor ez dago edanda ibiltzerik. Ondoen ibilita ere, parrandarik egin gabe eta ustez toki seguruan, edozein ezbehar gerta daiteke, niri gertatu zaidan bezalaxe.

Gauza bat da festetan zezenetan aritzea, eta bestea, sokamutil ardura izatea. Zein da zuen funtzioa?

Sokamuturrean dabilen jendea babestea da gure lana. Nolabait esateko, zezenak parte-hartzaileak harrapatu ez ditzan adi egotea, zezenari sokatik eutsiz eta jendea kontrolatuz.

Eta zu bezain jende gaztea al zabiltzate sokamutil gisa?

Bai, jende gaztea bagabiltza. Pare bat beterano daude, guri nola aritu irakasten ari zaizkigunak: beren trikimailuak eta jokaerak, hain zuzen ere. Horiek ere adinean aurrera doaz, eta orain belaunaldi berriak sartzen goaz.

KONPARTITU