Sokamutur lehiaketa orain, ‘Imanol Elias’

943

Imanol Elias Odriozolak sariketako lehen 25 urteetan antolatzaile jardun zuen, eta hori eskertu nahi dio elkarteak.

Aurtengo karnabaletarako ere antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak sokamuturrari buruzko argazki lehiaketa, eta aurtendik ‘Imanol Elias’ izena emango dio, elkarteak jakinarazi duenez. “1980. urteaz geroztik eta lehenengo 25 urteetan Elias izan zen lehiaketa honen sortzaile eta bultzatzaile. Azkenengo urteetan ere beti parte hartu izan du, argazki sarituak izendatzeko epaile lanetan. Horregatik, lan guztia eskertu eta haren lanaren memoria gogoan izan nahi dugu”.

Antxieta Etxeak eta Kutxak lehiaketa 25 urtean antolatu ondoren, Azpeitiko Argazki Elkarteak hartu zuen lekukoa.

Irudi altxorra dago, Imanol Elias Odriozolak Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentalean dioenez: “Kutxak 25 urtean zehar antolatu zuen lehiaketa, gero Argazki Elkarteak hartu zuen, eta ordutik hona ikaragarrizko argazki pila dago sokamuturrari buruz. Nik uste dut hori oso dokumentu interesgarria dela, jaso dena. Gainera, ez da bakarrik ikusten zezena eta jendea kalean jolasean, baizik eta tokiak ere ikusten dira, herrian zer aldaketa izan diren ere bai, eta horrelako datu interesgarriak asko eta asko daude”.

Argazki Elkartea bera kide den Kultur Mahaiak iazko abenduan ohorezko bazkide egin zuen Elias.

KONPARTITU