Urriaren 19an eta 20an ospatuko dute XV. Zezen Beltz asteburua

273

(AzpeitiaGuka.eus) Ohiko osagaiak izango ditu egitarauak: zezen bolaztatuak, Grand Prixa, haragi dastaketa eta karretoiekin entzierroa. Igandean, ordea, berezitasun bezala, sokamuturra egingo dute ohiko ibilbidean, hamabosgarren urtemuga ospatzeko. 

Urriarekin batera dator beste urte batez Zezen Beltz asteburua. Aurtengoa hamabosgarren Zezen Beltz asteburua izango da, eta urriaren 19an eta 20an egingo dute. Antolatzaileek dagoeneko plazaratu dute bi egun horietarako prestatutako egitaraua, eta ohiko osagaiak ez dira faltako. Berrikuntzaren bat ere izango da.

Larunbatean, 11:30ean hasita, zezen bolaztatuak izango dira zezen plazan, 16 urtetik gorakoentzat. Sarrera egunean bertan erosi beharko da zezen plazako leihatilan, 3 eurotan. Arratsaldean, Grand Prixa egingo dute. 17:00etan hasiko da, eta bukatzean zezen bolaztatutak aterako dituzte.

Grand Prixerako sarrerak aurrez nahiz egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 5 euro ordainduta. Honako taberna hauetan egongo dira txartelak eskuragarri: Berdie, Jim Clark, Mendizabal, Pastorkua eta Eguzkitza. Egunean bertan, berriz, zezen plazako leihatilan jarriko dituzte salgai. 

Sokamuturra, ohiko eran

Igandean jarraituko dute ekintzekin. Eguerdian, 12:00etan hasita, txahal saiheski, solomo eta oilasko erretzea nahiz dastatzea egingo dute plazan, nahi duen ororentzat. 12:30ean, karretoiarekin entzierroa egingo dute, Perez Arregi plazatxotik aterata, plazaraino. Ondoren, argazki erraldoia aterako dute antolatzaileek nahiz zezenzaleek.

Igande arratsalderako antolatu dute aurtengo berrikuntza nagusia; izan ere, Zezen Beltz asteburuaren hamabosgarren urteurrenaren aitzakian, sokamuturra egingo dute 16:30ean hasita. Beste urteetan ere egiten dute sokamuturra Zezen Beltz asteburuaren barruan, baina plazatik Artzubira arteko bidea soilik hartzen du. Aurten, ordea, sokamuturraren ohiko ibilbidea egingo dute, karnabaletan eta sansebastianetan egiten den gisan. 

XV. Zezen Beltz asteburuaren egitaraua, osorik: 

Urriak 19, larunbata: 

  • 11:30: Zezen bolaztatuak, zezen plazan. 
  • 17:00: Grand Prixa, zezen plazan.Ondoren, zezen bolaztatutak.

Urriak 20, igandea:

  • 12:00: Txahal saiheski, solomo eta oilasko erretzea eta dastatzea plazan.
  • 12:30: Karretoiarekin entzierroa, Perez Arregi plazatxotik plazara. Ondoren, argazki erraldoia.
  • 16:30: Helduen sokamuturra, ohiko ibilbidean.

Argazkian: Zezen Beltz asteburuko artxibo irudi bat.

KONPARTITU