Zezen Beltz elkartea sortu da

1448

(Uztarria) Zezenketak aparte utzi eta herriko festetatik kanpo-eta ekimenak sustatzea du helburu: lehengo ohiturak berreskuratu, sokamuturra babestu, ganadutegietara bisitak… Web orrialdea sortuko dute, sokamuturraren historia jasotzeko edota argazkiak sartzeko.

Bihar (igandea) hasiko dira Azpeitian karnabalak, sokamuturra izango da protagonistetako bat, eta gaur aurkeztu dute Zezen Beltz elkartea. Uztarria.com-ek azaroaren 2an iragarri zuen elkartea sortzear zeudela, harrezkero bultzatzaileek hainbat bilera egin dituzte, jende askok hartu du parte, elkarteari izaera juridikoa eman diote (hasieran ‘Zezen Gorri’ izena jarri nahi zioten, baina bada beste elkarterik izen horrekin), eta azkenean gaur egin dute aurkezpena, pilotalekuan sokamuturreko irudiaren ondoan. 25 bat lagun bildu dira —Mikel Odriozolak eta Mikel Arrietak egin dituzte bozeramaile lanak—, eta ondoren bazkaltzera joan dira.

Helburua, zezenketak aparte utzi eta herriko festetatik kanpoko ekimenak sustatzea: lehengo ohiturak berreskuratu, sokamuturra babestu legedi aldetik-eta, ganadutegietara bisitak, kapeak…

Azpeitian saninazioetako zezenketak antolatzeko bada batzorde bat eta, haren zeregin horretan sartu gabe eta lan ildo desberdinak garatzeko asmo sortu dute Zezen Beltz sokamuturrean, entzierroetan, ganadutegietako ekintzetan… ibiltzen diren lagunek. Mikel Ibarzabal Udal Festa batzorburua ere izan da gaur aurkezpenean.

Azpeitiko Udalarekin “elkarlanean” aritzeko borondatea daukate. Oraingoz, ez dute egoitzarik —laster lortu nahi dute— eta euren bilerak “zabalak” izango dira. Lehen pauso gisa, elkartearen barne antolaketa jarria dute.

Informatiboki, elkartearen berri Azpeitian bertan emateaz gain, herritik kanpo ere eman nahi dute eta, modu horretan, web orrialdea sortzeko asmoa dute. Bertan, sokamuturraren historia biltzen joango dira, Azpeitiko Argazki Elkartearen irudiak…

Sokamuturraren alde jende asko ari da sinatzen

Eusko Jaurlaritzak sokamuturraren inguruan ezarri nahi duen araudiarekin ados ez daudela adierazteko eta sokamuturraren alde egiteko, sinadurak biltzen ari dira. “Oso ondo doa sinadura bilketa. Gainera, hiru bat tabernetatik sinatzeko paperen kopia gehiago eskatu dituzte”, dio Zezen Beltzek.

Herritar batzuek paperak gazteleraz soilik jarri izana salatu eta ez dute sinadurarik eman. “Horregatik, barkamena eskatu nahi dugu”, esan dute gaur Zezen Beltz elkartekoek. “Kanpotik ekarri zituzten paperak, eta erdaraz banatu ziren. Orain euskaraz atera eta banatu ditugu”. Aste bukaera honetan ez ezik, hurrengo asteetan ere bilduko dituzte sinadurak, gero Eusko Jaurlaritzaren araudiaren kontrako helegiteen babes gisa erabiltzeko.

Sokamuturraren aldeko sinadura emateko aukera aukera ugari du horretarako interesa duenak, tabernetan ez ezik denda batzuetan ere baitaude paperak.

Ohi bezala, Azpeitiko karnabaletan sokamuturrean ibiltzeko aukera izango da bihar (igandea) hasi eta asteartea bitartean.

Bihar, eguerdian eta arratsaldean, Arno ganadutegiko zezenak ibiliko dira. Astelehenean, arratsaldeko sokamuturrean, Albizu ganadutegikoen txanda izango da. Asteartean, goizean eta arratsaldean, Gorixoko zezenak.

Zezen Beltz elkartekoak aurkezpenean, pilotalekuan.

KONPARTITU