Jose Luis Lopetegi argazkilariari elkarrizketa

926

(Urola Kostako Hitza) Jose Luis Lopetegi (Azpeitia, 1946) Azpeitiko Argarki Elkarteko lehendakaria da, duela urtebete ingurutik. “Bi urterako hartu nuen ardura, eta esan nuen denbora hori pasatutakoan beste baten esku utziko nuela”, dio. Orain, Inauterien eta sokamuturraren inguruan antolatutako Juan Antxieta Argazki Lehiaketa dute aurrez aurre. Baina aurrera begirako asmoak ere badituzte. 30 bazkide inguru ditu elkarteak eta ostegunero biltzen dira. “Astero-astero hamahiru- hamazazpi lagun biltzen gara”.

Inauterietako sokamuturraren inguruko argazki lehiaketak 31. aldia beteko du aurten. Hasierako oinarriei heltzen dio txuri beltzean-eta segituz, ezta hala?

Lehen argazkiko laborategia txuri beltzekoa geneukan eta hor lantzen genituen argazkiak. Gaur egun lehiaketa digitala da, baina txuri beltzean izate horri segitu egiten diogu.

Aurten berrikuntzarik izango al du lehiaketak?

Bai, bai. Aurreko urteetan bezalaxe, gaian adituak direnek aukeratuko dituzte argazkirik onenak. Baina, bestetik, aurten aurreneko aldiz ikusleen iritzia jasoko da, eta argazkirik onena aukeratzeko aukera izango dute. Ondoren, botoa ematen dutenen artean zozketa bat egingo dugu. Irabazleari erakusketatik aukeratu duen argazki onena oparituko diogu.

Inauterietako argazki lehiaketaren erakusketa ez al da izaten jendetsuena?

Bai, bai jende asko joaten da argazki erakusketara, normalean 1.200- 1.400 lagun joaten dira.

Sokamuturrean argazkiak ateratzen jarduteko ausardia behar al da?

Pixka bat bai. Iaz, esaterako, hemeretzi lagun inguruk aurkeztu genituen lanak, baina hesitik kanpo dozena erdi bat lagun egoten da, beste guztiok hesien atzetik edo soka iristen den tokietatik ateratzen ditugu argazkiak.

Eta jende berria animatzen al da lehiaketan parte hartzera?

Kanpotik jende gutxi etortzen da parte hartzera. Bateren bat etorri ohi da, baina alde horretatik herritarrok abantaila gehiago dugu, guk hiru egunetan argazkiak ateratzeko aukera daukagulako. Esan dezakegu, herri mailako argazki lehiaketa dela, parte-hartzaile gehienak bertakoak garelako. Gero, elkartekook irabazle suertatzen diren horien kontura afari bat egiten dugu. Argazki Elkartean ohitura hori dugu; elkartzeko eta saltsan segitzeko aitzakia da.

Mugimenduko argazkiak atera behar dira, horrek ez al du teknika batzuk menperatzea eskatzen?

Zentzu horretan zailtasun batzuk dituen gaia da sokamuturrarena, hori horrela da. Askotan ateratako argazkia gero mozten ibili behar izaten da, baina horrek argazkiaren kalitatean ere eragina izaten du. Lehen, paperean errebelatzen ibiltzen ginenean ere berdin egiten genuen. Berezitasun asko dituen lehiaketa da: batzuk harrapaketen bila joaten dira, beste batzuk giroa eta saltsa jasotzera gehiago joaten dira, denetik dago.

Zuk zeuk parte hartzen duzu sokamuturraren inguruko argazki lehiaketan. Argazkiak ateratzeko zein leku edo une duzu gustukoena?

Niri gehiena zezenaren irteera gustatzen zait . Etxe Zuri aurretik zezenak lehen aldiz irteten duen hori da gehien gustatzen zaidana. Inauterietako igande arratsaldeko lehenengo momentuko une hori ederra da, mundiala izaten da hori! Hor egoten den giroa ederra da… Erdikaleko irteera hori da bereziena, momentu polita da hori, benetan.

Astearte goizean argazkiak ateratzen ez al zara inoiz ibili?

Behin edo behin ibili naiz, bai. Inauterietako argazki lehiaketak bi atal ditu: bat sokamuturrarena da eta bestea Inauterietako giroa ondoen jasotzen duen argazkiena. Giroa jasotzeko onena astearte goizekoa da, oso zirko politak ikusten dira orduan! Astelehen iluntzekoa ere une ona da horrelako argazkiak ateratzeko, baina orduan flash-arekin ibili behar da, eta desberdina izaten da.

Horrez gainera, urtean zehar beste argazki rally batzuk ere antolatzen dituzue?

Urterokoak Udaberrikoa eta Udazkenekoa dira, eta gero bestea Inauterietako hau. Iaz, santotomasetakoari heldu genion berriro. Hiru edo lau urtean santomasetakoa ez genuen egin eta iaz berriro antolatzea erabaki genuen. Baina, ez dakigu horrekin erakusketarik egingo dugun; erakusteko ez dago toki egokirik ere… Santotomasetakoak lehiaketak Euskal Herriko Argazkilarien Federaziorako lehiaketarako puntuagarriak izaten dira, eta horrek pixka bat maila altuagoko argazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera eskaintzen digu.

Baina hil honetan bertan beste rally berri bat ere antolatu duzue, nolakoa da hori?

Bai, aurten Gaueko I. Argazki Rallya antolatuko dugu hil honen 27rako. Berria da, guk dakigula beste inon ez da antolatzen gaueko argazki rallyrik. Elkartean batek bota zuen proposamena, eta batzuk badirenez gauez argazkiak ateratzen amorratuak direnak, antolatzea erabaki dugu. Ideia denei gustatu zaie eta ikusiko dugu nola joaten den. 19:00etan hasiko da Rallya, hiru gai jarriko ditugu aurrena eta gero afaria antolatuko dugu. Afaritan beste bi gai emango ditugu; denera bost gai izango dira. 01:00ak arte argazkiak ateratzeko aukera izango da, eta parte-hartzaile bakoitzak 30 argazki aurkezteko aukera izango du. Argazkiak txuri beltzean edota koloretan egiteko aukera emango da.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kideon artean hilero lehiaketa batzuk ere egiten dituzue, ez da hala?

Bai, halaxe da. Hilero gai bat jartzen dugu eta hilaren bukaerarako jendeak elkarteko webgunera igotzen ditu argazkiak, izenik jarri gabe. Hilaren aurrenean, ikusten dugu zein argazki dauden jasota eta epaitu eta puntuazioa ematen diegu, gaia eta estetika kontutan hartuta. Taldekideon artean saltsa sortzen du horrek. Argazkiak elkartean komentatuz asko ikasten dugu. Batzuk beste batzuk baino gehiago menperatzen dituzte teknikak eta hori nabarmen ikusten da geure arteko lehiaketa moduko honetan. Pizgarria den saltsa da. Geure arteko lehiaketako argazkiak elkarteko webgunean ‘Ekintzak’ klikatu eta ikusi daitezke.

KONPARTITU