Entzierro txikiak hiru egunetan saninazioetan

969

(Urola Kostako Hitza) Iazko saninazioetan antolatu zituzten aurreneko aldiz haurrentzako entzierro txikiak eta arratsaldetan zezen txikiekin jolasak. Zezen Beltz elkarteak antolatu zituen, Udalaren laguntzarekin, eta aurten iaz abiatutako ekimenak berriro antolatuko dituzte; gainera, indartzeko asmoa dute.

Saninazioetako goizak “haurrentzako nahiko hutsik” egoten zirelako entzierro txikiak antolatu zituen Zezen Beltz elkarteak. “Iaz, entzierro txikia bi egunetan egin genuen eta aurten, berriz, hiru egunetarako antolatuko dugu. Izugarrizko arrakasta izan zuten zezen txikiekin antolatutako entzierroek eta aurten bat gehiago antolatzea erabaki dugu”, esan du elkarteko kide Mikel Arrietak.

Hala, uztailaren 31n eta abuztuko lehen bi egunetan izango dira entzierro txikiak. 12:30ean, Perez Arregi plazak eta Eliz kaleak bat egiten duten tokitik hasi eta Pilotalekura (Done Jakue kalea) bitartean. Ekimen hori aurrera eramateko Udaleko Festa Batzordeak egindako ahalegina ere eskertu dute Zezen Beltzekoek.

Saninazioetako arratsaldetan zezen txikiekin jolasean ibiltzeko aukera eskainiko dute, Pilotalekuan jarriko duten zezen-plaza txikian. Saioak 18:00etan hasiko dituzte.

KONPARTITU