Arno ganadutegiko Andoni Mugerzari elkarrizketa

922

(Gara, Gaur8) “Askotan esaten dugu zezenen kontu hau beheraka doala eta egia izango da, baina Azpeitian zer jendetza bildu den ikusita, batzuetan ez dela egia ematen du”, dio Arno ganadutegiko nagusiak.

Bere bi osaba, Agustin Mugerza eta Jose Mari Arriola, ari ziren lanean hirugarren kide batekin, Jabier Zubiaurrerekin, eta duela hamar bat urte hirugarren horrek utzi egin zuen (orain Ibiri ganadutegia du), eta orduan hasi zen Andoni lanean. “Ordurako osabak nekatuta ere bazeuden eta neuk hartu nuen ardura, baina honek ez du ematen bizitzeko adina. Azpeitiko lantegi batean egiten dut lana erreleboan eta lehengusuak eta lagunak ibiltzen ditut laguntzen. Txiki eta handi laurogei bat egongo dira, ehunik ez behintzat”, esan zigun Andoni Mugerzak, Mutrikuko Olatz auzoan dagoen Arno ganadutegiko nagusiak.

Mutriku, Elgoibar, Soraluze, Aretxabaleta, Villabona eta beste hainbat herritan izan dira urtean barrena. “Sokamuturra asko erabiltzen dugu, eta gehiena, umeentzako ikuskizunak. Umeen ikuskizunarekin Nafarroara eta Errioxara ere iristen gara. Bost bat txahal eta bost bat poni eramaten ditugu. Herrietako festetan egun bat edo ordu jakin bat jartzen dute umeentzako, eta lehenik ponietan ibili ondoren, txahalak ateratzen ditugu. Txahal horiek gehienetan betizuak izaten dira. Gu Betizu Elkartean gaude eta lauzpabost bat hilabeteko txahalak erabiltzen ditugu, betizuak gutxiago jotzen dutelako. Badaude batzuk jotzen dutenak, baina gutxiago. Nafarroan, esate baterako, hemen baino askoz ere zaletasun handiagoa dago, eta hori umeen artean ere ikusten da”, esan zuen Andonik.

Uztailaren hasieran hasi eta urriaren hasierara arte ez dira gelditzen. “Herri jakinak izaten ditugu. Bihar, esate baterako, Azpeitira goaz eta 35 bat urte izango dira urterik huts egin gabe goazela San Sebastian egunean. Ordua baino ordu erdi bat lehenago joan behar izaten dugu albaitariak eta ertzainek kontrol moduko bat pasatzen digutelako, larre-behi eta zezenen tamainari eta adarrei begiratzeko batez ere. Eguerdian Kale Nagusia itxi eta ordu erdiz zezen bat erabiltzen da, eta arratsaldean, lau eta erdietan hasi eta zortziak arte sei kaletan ibiltzen dira. Arratsaldeko saioa bost edo sei behi edo zezenen artean osatzen dute. Sokak eta soka-mutilak Azpeitiko Udalak berak jartzen ditu. Boluntarioak dira, txandan lan egiten dutenak. Askotan esaten dugu zezenen kontu hau beheraka doala eta egia izango da, baina bihar arratsaldean Azpeitian zer jendetza bilduko den ikusita, batzuetan ez dela egia ematen du”, jarraitu zuen.

Krisiaren itzala

Andoni Mugerzak ez daki korrida zaletasuna behera ala gora doan. “Neuri ez zait korrida gustatzen. Animalia bati hiltzea zenbat kostatzen zaion ikusten egotea oso gogorra dela iruditzen zait. Tratu txarragorik ezin zaio eman. Sokamuturrean edo enbolatuetan zerbait sufrituko dute, baina gutxi. Guk ere sufritzen dugu zerbait lanean, baina tratu txarrik ez dago hor”, jarraitu zuen.

Urtean zenbat plaza egiten dituzten ez zuen argitu nahi izan. “Ekainean eta uztailean, asteburuan egiten dugu lana, abuztuan erantzun ezinik ibiltzen gara, gero, irailean beste saio batzuk eta hortxe bukatzen da gure lana”, erantzun zuen.

Andoni Mugerzaren ustez, lehen sokamuturra eta enbolatuak egiten ziren herri askotan, gastuak murrizteko-edo, orain umeen ikuskizunarekin konformatzen dira. “70 kilo arteko txahalak eraman eta umeekin batera gurasoak ere sartzen dira plazara eta horrekin konformatzen dira”, esan zuen.

Andonik bi arrazatako ganadua erabiltzen du, betizuak eta nafar arrazakoak. “Betizuek gutxiago jotzen dute eta arrisku gutxiago dute umeentzat. Txikixeagoak ere badira. Lehen, biak nahasten genituen, baina Betizu Elkartean sartu ginenetik, euskal arraza hori berreskuratzen ari gara”, gogoratu zuen.

Zer-nolako zezenak eskatzen ditu jendeak? “Bihar Azpeitian, esaterako, itxurari begiratzen diote, baina garrantzitsuena ibiltzen den zezena izatea eta jotzen badu, hobeto”, erantzun zuen.

Zezenak zertarako jotzen du?, galdetu genion ondoren. “Ihes egiteko joera du zezenak, baina zu berarengana joaten bazara edo traban jartzen bazara, jo egiten dute”, erantzun zuen.

Ea berak zenbat adarkada hartu dituen galdetu genion. “Kanpoan ez dut inoiz arazorik izan, baina etxean bai. Behin zezen bat barrura sartu nahian ari nintzen, ez zuen nonbait gogorik eta astindu bat eman zidan. Gehiago egokitu zait besteei adarkadak ematen ikustea. Joan den urte honetan bertan Lesakako mutil ezagun bat harrapatu zuen Elgoibarren eta konorterik gabe utzi zuen gure zezen batek. Ezaguna zen eta zirrara eragin zidan”, esan zuen. Herri askotan koadrila bat edo bi omen daude gustatzen zaienak eta horiek omen dira ikuskizuna animatzen dutenak.

Ganaduari muturra estaltzen die kamioian sartzeko. Ohitu arte asko kostatzen omen zaie sartzea, baina dozena erdi bat aldiz ibilita gero, lasaiago sartzen dira.

KONPARTITU