Jauzi gutxiko ikuskizuna aurtengoa

883

(Urola Kostako Hitza) 22 errekortarik hartu dute parte Azpeitian jokatu duten Errekortari 2008 lehiaketako finalerdian. Zortzi sailkatu dira finalera.

Errekortari 2008ko finalerdia jokatu zen herenegun Azpeitiko zezen-plazan. Portugalgo Paz Monteiro ganadutegiko zezenak ez ziren antolatzaileek eta errekortariek nahi bezalako ikuskizuna emateko modukoak izan, eta jauzi gutxi egin zuten errekortariek; dozena erdi inguru, ez besterik. Guztira, 22 errekortarik hartu zuten parte eta zortzi sailkatu ziren abuztuaren 10ean Tafallan jokatuko den finalerako. Errekortari 2008 lehiaketako sari nagusia 6.002 eurokoa da.

Batzuek bi pase bakarrik

Bost zezen atera zituzten zezen-plazara, bost txandatan banatuta. Txanda bakoitzean lau edo bost errekortarik jardun zuten lanean; batzuek lau pase egin zituzten eta beste batzuek, berriz, bi paserekin jarduna bukatutzat eman zuten, egokitutako zezenarekin ez zeudelako gustura.

Batik bat errekorte klasikoak

Tauro Vision enpresarekin batera, Zezen Beltz zezenzale elkarteko kideek antolatu dute ikuskizuna. Zezen Beltzekoen esanetan, zezenak bizi ateratzen ziren zezen-plazara baina gero gelditu egiten ziren eta horrek asko baldintzatu zuen errekortarien lana.

Igandeko ikuskizunean, batik bat errekorte klasikoak egin zituzten. Zezenen adarretatik gertu ibili ziren errekortariak ere izan ziren. Zezen Beltzek emandako errekorte onenaren saria, berriz, Pedro Imazek jaso zuen Jurgi Urangaren eta Urko Arrietaren eskutik.

Eguraldi iluna egin zuen herenegun. Ikuskizunaren hasieran aterki eta euritako ugari izan zen zezen-plazako ikusleen artean. Dena den, ikuskizunean zehar ateri ere egon zen tarte luze batean. Iaz bezala, zezen-plaza ez zen bete, baina jende dezente izan zen errekortarien lana ikusten.

Errekortari 2008

Errekortari 2008ko bigarren finalerdia jokatu zen Azpeitiko zezen-plazan, herenegun, arratsaldean. Finalerako sailkatu ziren zortzi errekortariak honakoak dira:

Finalerako sailkatutakoak: Hugo Herrera, Ruben Fernandez, Pedro Imaz, Alfonso Muro, Oscar De Luis, Carlos Alonso, Oscar Morales eta Alberto Ibañez.

Zezen Beltz saria, errekorte onenari: Pedro Imaz (Zamora, Espainia).

KONPARTITU