(Uztarria.eus) Herri bakoitzean zein zezen bota aukeratzeko orduan, gauza asko hartzen ditu kontuan, baina Azpeitian bere zezenak botatzea “ohorea” dela ziurtatu du Josu Arregi ganadutegiaren jabeak.
Zestoako Lopene ganadutegiak duela hamar urteko sansebastianetan bota zituen bere zezenak aurreneko aldiz Azpeitiko kaleetan. “Beste leku batzuetan bota izan nituen aurretik, eta Azpeitian 2013ko urrian antolatu genuen Zezen Beltz asteburuan ere bai, baina ez kale guztietan; beraz, bai, esan liteke 2014ko sansebastian-karnabaletan izan genuela estreinaldia Azpeitiko sokamuturrean”, adierazi du Josu Arregi ganadutegiaren jabeak. Aurten, sansebastianetan eta karnabaletan ohi bezala, hiru ganadutegitako zezenak ibiliko dira herriko kaleetan, eta Arregik San Sebastian egunez eta Astelehen Karnabalez botako ditu bereak. Zortzi zezen guztira; bat eguerdian, eta beste zazpiak arratsaldeko sokamuturrean.
Azpeitian bere zezenak botatzea “ohorea” dela ziurtatu du Arregik. “Nire herria izateaz aparte, Euskal Herrian sokamuturrak indarrik handiena duen herria Azpeitia da, konparaziorik gabe, gainera”. Horregatik, Azpeitira ekartzen duen ganadua “maitasun handiz” zaindu eta aukeratzen du. “Azpeitian botatzen ditudan zezenak kapritxo bezala ditut. Zezen horiekin, urteko kontuak aterata, dirua galtzen ateratzen naiz; gero, haurrentzako ekitaldiekin-eta, konpentsatzen dut galera hori”.
Herri bakoitzean zein zezen bota aukeratzeko orduan, gauza asko hartzen ditu kontuan. “Neuk hazitako animaliak dira, ondo ezagutzen ditut, eta badakit nolako jokabidea izan dezakeen bakoitzak. Horrez gain, Azpeitiko plazak eta kaleak ere ondo ezagutzen ditut. Eta hain zuzen ere, bi horiek dira gakoak: animaliak eta lekuak ahalik eta ondoen ezagutzea. Bi faktore horiek kontuan hartuta, leku bakoitzerako animalia egokiena aukeratzen saiatzen naiz”.
Aurtengoa hamargarren urtea izango badu ere, badaki bere zezenak kalean ikusi aurreko orduetan urduritasunak hartuko duela. “Aurreko egunetan-eta ez, baina animaliak kamioira kargatzeko garaian-eta, harik eta lehenengo ganadua kalean ikusi arte, tentsio handiko uneak bizitzen ditut”. Baina behin lehen zezena botatzen duenen, kito; “gero, arratsaldea segituan pasatzen da”.
Une gaziren bat bizitzea egokitu zaiola aitortu du, hala ere. “Duela urte batzuk, astearte karnabal goiz batean, nire zezen batek neure lagun bat harrapatu zuen plazan. Kolpe handia hartu zuen buruan, konortea galdu zuen, eta, gerora ere, errekuperatzea dezente kostatu zitzaion. Horrelakoak ez dira atseginak izaten, baina, zorionez, eta dut beste susto handirik izan”.
Argazkian, Josu Arregi zezen batekin.