Ekitaldi nagusia, borobila

2008

Atzo arratsaldean izan zen Azpeitiko sokamuturrak 500 urte ospakizunaren ekitaldi nagusia, Soreasun. Dena bete zen antzokia: 540 lagun. ‘Irteera’ pelikularen estreinaldia izan zen. Eskerrik asko denei!

Merezitako ospakizuna da Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena (1518-2018), eta borobila izan zen atzo, Soreasun, ospakizuneko ekitaldi nagusia. Primeran atera zen guztia: ekitaldiko lehen zatia eta antzezpena, eta Irteera pelikularen estreinaldia. Hiru ordu laurdeneko ekitaldia izan zen. Oso gustura atera zen jendea.

Iraia Bereziartuak klima goxoa eta intimoa jarri zuen antzokian, biolinarekin karnabaletako doinuak joz. Joxin Beloki sokamutil ohia eta Lorea Aranburu eta Mattin Arakistain haur sokaneska-mutilak izan zituen ondoan, eta Beloki umeei soka kontuak erakusten aritu zitzaien.

Andoni Unanue ospakizuneko Herri Batzordeko ordezkariak bere hitzaldlan nabarmendu zuen “belaunaldiz belaunaldi transmititu izan den herri festa bat” dela sokamuturra. Garai desberdinak aipatu zituen, klimatologia kontuak ere bai, “baina hemen da sokamuturra, kalean, noiznahi, gurekin. 500 urte igaro dira jada, denok egiten dugulako Azpeitiko sokamuturra”. Eneko Etxeberria alkateak ere herritarrek usadioari mendeetan eutsi izana azpimarratu zuen.

Antzezpena berezia izan zen: aktore gehienak Irteera pelikulako protagonistak ziren, eta Xanti Rodriguez filmako zuzendaria eta extra lanetakoak izan zituzten laguntzaile. Guztiek lehen antzezpena zuten –batek salbu–, eta laupabost minutuko emanaldian bikain moldatu ziren 540 ikusleren aurrean. Iazko jai karnabal arratsaldeko zezenaren aurreko uneak jasotzen ditu Irteera-k, eta antzezpenean ere une hori errepresentatu zuten.

20 lagun aritu ziren denera ekitaldiko lehen partean eta antzezpenean.

Eskerrik asko den-denei

Herri Batzordeak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldiko lehen parteko Iraia Bereziartua biolin-joleari, Lorea Aranburu eta Mattin Arakistain sokaneska-mutilei, Joxin Beloki sokamutil ohiari, eta hizlari Andoni Unanue Herri Batzordeko ordezkariari eta Eneko Etxeberria alkateari.

Eta antzezpeneko Onintza Urbieta –tabernari lanetan–, Aner Rodriguez eta Maria Luisa Zendoia sokamuturzaleei, Andoni Etxeberria sokamutilari, Iñigo Alrmoza ganaduzaleari (Bergarako Zezenak), Xanti Rodriguez pelikularen zuzendariari, eta extra lanetako Joxe Mari Sagarzazu Izarraitz Txistulari Taldeko kideari, Eli Garmendia eta Jon Ibarzabal Musika Bandako kideei, Jagoba Labaka eta Alex Berasategi sokamutilei, Yara Vergara eta Igor Zabala argazkilariei, eta Jon Ulibarri udaltzainari. Eta pelikulako Hilari Irastorzari ere bai.

Era berean, eskerrik asko ekitaldiko gonbidatu guztiei, Soreasun izandako beste ikus-en tzule denei, hedabideei, Kulturaz kooperatibari eta ekitaldiaren antolakuntzan ibili ziren denei.

Irteera pelikula Eguzkitzan eta Juantxo Txikin eros daiteke, 5 eurotan.

147 lagun afarian

Gauean herri afaria izan zen, Loiola hotelean, 147 lagunekin. Denetik izan ziren: lehengo eta gaurko sokamutilak eta ganaduzaleak, Zezen Beltzeko kideak, Musika Bandakoak, Argazki Elkartekoak, alkatea eta zinegotziak, Udal Festa batzordeburu izandako hiru kide, alkate ohi bat, sokamuturzaleak… Eskerrik asko denei, eta Loiola hotelari. Baita DJ Arnori ere, giro mundiala jartzeagatik afalostean.

Borobila, beraz, 500. urteurreneko ekitaldi nagusia.

Baina hau ez da bukatu. Gaur, 16:30ean, zezena!

Atzoko ekitaldiko argazki batzuk (hemen bilduma, 45 irudi; argazkilaria, Jexus Artola):

Behekoak eta goi-goikoa, Uztarria-ren argazkiak:

KONPARTITU