500. urteurrena, arrakastatsua eta gogoangarria

2640

Arrakastatsua eta gogoratzeko modukoa. Horrela baloratu daiteke Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrenaren ospakizuna, Herri Batzordea osatu dugunon ustez. Bideoa: helduen sokamuturreko irteera denak (Urtzi Oteiza Kaito, Erlo TB). 500. urteurrenari buruzko bloga

Hilabete pasatxoan ekitaldi ugari izan da, era askotakoak, ederki atera dira, jendetza bildu da, eta, anbientea, mundiala. Eskerrik asko denei!

Datu batzuk ematearren: Argazki Elkartearen Sokamuturra liburuaren aurkezpenean 300en bat lagun izan ziren Sanagustinen eta 1.300 ale saldu dira (beste 200, banatu); ospakizuneko ekitaldi nagusian 540 lagun izan ziren Soreasun –dena bete zen–; Irteera pelikularen 100 ale geratzen dira saltzeko –500ekoa izan da tirada, eta kontuan hartu behar da 540 lagunek filma ekitaldi nagusian ikusi zutela–; Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren karnabaletako kontzertuan —Argazki Elkartearen proiekzioarekin— 300en bat herritar bildu ziren Sanagustinen; afaltzen 148 lagun Loiola hotelean 500. urteurrena ospatzen… Zezenean zenbat jende ibili den, berriz, ezin kontatu; hitzordu denetan, kaleak beteta. Lehengo eta gaurko sokamutilen eta ganaduzaleen omenaldia ere hunkigarria izan zen; 44 omendu elkartu ziren.

Baina zifretatik-eta harago doa sokamuturra, berriro ikusi dugunez. Era guztietako jendeak bizi du. Herritarrek txikitatik arnastu dute sokamuturra, memoria kolektiboan dago, eta hori gero, norberak bizitzeaz gain, transmititu egiten da, urtez urte. Tradizio luzea du usadio honek, bost mendekoa barrena, eta luzerako doa. Guk geuk egiten baitugu, herritarrok.

Antolaketako parte hartzea ere nabarmendu nahi dugu, aipatutako guztiaren isla delako. Hor izan dira Herri Batzordeko kideak: Zezen Beltz Elkartea, Udala, Argazki Elkartea, Musika Banda, sokamutilak –lehengoak eta gaurkoak– eta sokamuturzaleak; baita, era batera edo bestera, ganaduzaleak, beste argazkilariak, Izarraitz Txistulari Taldea, txaranga, dultzaineroak, Julian Barrenetxea Abesbatza, Urtzi Oteiza Kaito (Erlo Telebista), beste hedabideak, Beñat Lizaso bertsolaria, Xanti Rodriguez Irteera-ren zuzendaria eta haren lantaldea eta Tristan Iñiguez musikaria eta Unai Frantsesena Musika Bandako zuzendaria, Eneko Gereño blogeko diseinatzailea eta teknikaria, Nekane Azpiazu karrozaren egilea, Hilari Irastorza jostuna, makila berezia prestatu duten Mikel Arrieta eta Mikel San Juan, Etxe Zurineko garajeko sendia, DJ Arno, ostalaritzakoak, albaitaria eta beste, udal brigadakoak, udal teknikariak, udaltzainak, Eregi Komunikazio enpresa, Kulturaz kooperatiba, Gipuzkoako Anbulantziak, eta antzezpeneko aktore Onintza Urbieta, Aner Rodriguez, Maria Luisa Zendoia, Andoni Etxeberria, Iñigo Almorza, Xanti Rodriguez bera, extra lanetako Joxe Mari Sagarzazu, Eli Garmendia, Jon Ibarzabal, Jagoba Labaka, Alex Berasategi, Yara Vergara, Igor Zabala eta Jon Ulibarri, eta ekitaldiko lehen parteko Iraia Bereziartua biolin-jolea, Lorea Aranburu eta Mattin Arakistain sokaneska-mutilak, Joxin Beloki sokamutil ohia, eta hizlari Andoni Unanue Herri Batzordeko ordezkaria eta Eneko Etxeberria alkatea. Ehunka eta ehunka herritar zalerekin batera, festan.

Arrakastatsua eta gogoangarria izan da Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrena.

Herri Batzordearen izenean, eskerrik asko denei!

Hurrengo urtean, 501.a.

Informazio gehiago (martxoaren 2an eguneratua, Herri Batzordeak ospakizuna ixtean):

Albistegia (50 albiste). 1.725 erabiltzaile. 7.614 orrialde ikusi dira.

Argazki bildumak (938 irudi). 15 bilduma. Oraingoz, gehien ikusitako bostak: argazki zaharrakEtxe Zurineko irteeraotsailaren 4ko sokamuturraomenaldia eta ekitaldi nagusia.

Bideoak (68 bideo; 48.784 ikustaldi). Oraingoz, gehien ikusitako bostak: Etxe Zurineko irteera (plazarainokoa), helduen sokamuturreko irteera denakEtxe Zurineko irteera (hasiera), Irteera pelikularen trailerra eta sokamutil berrien elkarrizketa.

Ospakizuna baloratzeko aldizkaria.


2018-12-28: 500. urteurrenak emandakoaz aldizkari digitala

KONPARTITU