(Uztarria) Gaur, asteartea, aurkeztu dute Azpeitiko zezen-plazako zezenzaleen txokoan Azpeitian jokatuko den Errekortari 2008 Txapelketaren bigarren finalerdia. Igandean, hilak 20, izango da eta 18:30ean hasiko da lehia. Denera, 20 errekortarik parte hartuko dute. Migel Zendoia antolatzaileetako batek azaldutakoaren arabera, “maila handiko errekortariak izango dira aurten ere”.
Iazko edizioa izan zen aurrenekoa Azpeitian eta “oihartzun eta arrakasta” izan zituen, antolatzaileen arabera: “Esperientzia oso ona izan zen, plaza beteta egon zen eta herriko esparru sozial denetako jendea bildu zen zezen-plazan. Giro horrek poz handia eman zigun”.
Denera, 20 errekortari izango dira Azpeitiko zezen-plazan. Hala ere, aurreko urteko txapelketatik bost errekortarik “bakarrik” errepikatuko dute aurten eta hamabost errekortari berriak izango dira. Antolatzaileen esanetan, “berdinekin errepikatzen ibili beharrean, errekortari berriak” erakutsi nahi dizkiete Azpeitiko herritarrei. “Maila handikoak” direla esan dute, inondik ere. “Iruñeko sanferminetako Errekortari Txapelketan saritutako hiru etorriko dira Azpeitira: Oscar de Luis nafarra, eta Julian Gomez eta Tomas Perez madrildarrak”, azaldu du Zendoiak. Madril eta Nafarroaz gain, Errioxatik, Terueldik, Valentziatik, Bizkaitik eta Toledotik ere etorriko dira, besteak beste.
Azpeitian lehiatuko direnetatik zortzi hoberenak pasako dira finalera. Zortzi horiek eta Tolosan sanjoanetan jokatutako lehiaketan sailkatutako zortziek Tafallan jokatuko dute finala, abuztuaren 10ean.
Aurten Zezen Beltzen eskutik
Aurtengo Errekortari Txapelketa antolatzen Zezen Beltz Azpeitiko elkarte sortu berriak ere parte hartu du. Elkarte horretako kide Mikel Odriozolak esan du “iaz hasitako lanari lekukoa hartu” diotela eurek eta ildo horretan, “elkarlana ona” izan dela. Gainera, igandeko saioan errekorte onenaren saria eskainiko du Zezen Beltz elkarteak. Sari horretaz aparte, aurten ere errekortari onenak 6.002 euro jasoko ditu.
Zezen Beltzez gain, “laguntza profesionala” ere jaso dutela esan du Zendoiak. Izan ere, Tauro Vision enpresari eskatu diote, iaz bezala, errekortariak eta ganadutegiekin harremanak egiteko laguntza.
ETB ere txapelketa honen babeslea da aurreko urtetik eta bere lehenengo katean eskainiko du Azpeitiko txapelketa. Jose Mari Otermin ETBko Programa zuzendariordearen esanetan, “iaz, Azpeitiko zezen-plazan 2.000-3.000 ikusle inguru bazeuden, telebistako emanaldiak 50.000 ikusleko audientzia izan zuen”.
Sarrerak salgai
Igandeko txapelketara joateko sarrerak honako tabernetan egongo dira salgai: Etxe Zuri, Eguzkitza, Iraurgi Saskibaloi Taldea, Ametsa, Juantxo Txiki, Pastorkua eta Diegonean. 15 euro ordaindu beharko dituzte nagusiek, 8-16 urte bitartekoek, berriz, 10 euro eta txikienek doan izango dute sarrera.