Errekortariak, iazko formato arrakastatsuarekin

951

Uztailaren 25ean IX. aldiz jokatuko da Azpeitian Errekortarien Txapelketako saioa (18:30, zezen plaza), joan denurtean bezala Zezen Beltz herriko elkarteak eta Toropasion enpresak antolatuta. Joan den urtean formatu berri bati ekin genion, arrakastatsua gertatu zen, eta aurten modu berarekin jokatuko da saioa: hasieran kanporaketa batzuk, eta amaieran, buruz buruko bat.

Hain zuzen, hamabi errekortari lau laguneko hiru multzotan banatuko dira lehenik; talde bakoitzak zezen bat izango du. Talde bakoitzeko bi onenak ondorengo fasera pasatuko dira. Bigarren fasean, hiru errekortariz osatutako bi talde ariko dira, eta talde bakoitzak zezen bana izango du. Azkenik, talde bakoitzeko onenek, buruz buruko finala jokatuko dute zezen baten aurrean. Beraz, ikusleentzat erakargarria izango den kanporaketa bidezko txapelketa bat izango da.

Guztira, sei zezen bikain izango dira Santio Egunez Azpeitiko zezen plazan, Toropasion finkakoak. Haien artean Juan Pedro Domecq jatorria duten Jimenez Pasquau eta La Campana ganadutegiko zezenak plazaratuko dira. Guztiek ere planta ederrekoak, eta halako saioetan jokoa ematen dutenak.

Hamabi errekortariak, berriz, zirkuituko momentuko espezialistarik onenak izango dira. Besteak beste, Jonatan Estebanez Peta —errekortarietan bi aldiz Espainiako txapeldun izandakoa—, Víctor Holgado —bi aldiz corte puro ligako txapeldun izana—, Dany Alonso –Espainiako txapeldun aurten–, Juan Nieto kebratzailea –iaz bigarren Azpeitian–, eta Azpeitiko iazko txapeldun Paquito Murillo jauzilaria. Hamabi parte hartzaileen artean bi euskal herritar ariko dira: Sergio Valle gasteiztarra eta Mika Romero baionarra.

Errekortarien zerrenda

Sergio Valle (Gasteiz, Euskal Herria).

Mika Romero (Baiona, Euskal Herria).

Jonatan Estebanez Peta (Madril, Espainia).

Victor Holgado (Zamora, Espainia).

David Ramirez Peque (Madril, Espainia).

Dany Alonso (Zamora, Espainia).

Saul Rivera (Zamora, Espainia).

Paquito Murillo (Madril, Espainia).

Eusebio Sacristan Use (Valladolid, Espainia).

Juan Nieto (Valentzia, Herrialde Katalanak).

Jose Manuel Medina Zorrillo (Avila, Espainia).

Sergio Urruticoechea (Errioxa, Espainia).

Sarrerak

Uztailaren 25eko ikuskizunerako sarrerak salgai daude: Azpeitiko udaletxe azpian sarrera numeratuak, eta numeratu gabeak herriko Pastorkua, Juantxo Txiki, Iraurgi SB, Ametsa, Harzubia, Eguzkitza, Azpeitia, Etxe Zuri, Jim Clark eta Kantoin, eta Azkoitian, Elurren. Xehetasunak: zezenbeltz.com

Joan den urtean ere Azpeitiko zezen plazak sarrera ikusgarria izan zuen, bete egin baitzen.

Azpeitiko Udala eta EITB dira saioaren laguntzaileak.

Informazio gehiago: zezenbeltz.com, toropasion.net eta 609319468 

(argazkian: Zezen Beltz elkarteko kideak eta Mikel Ibarzabal Azpeitiko Udal Festa batzordeburua, gaur, Azpeitiko zezen plazan Errekortarien Txapelketako saioaren aurkezpenean)

KONPARTITU