Iazko txapelduna igandean errekortari lehiaketan

979

(Urola Kostako Hitza) Igandean Errekortari 2010 lehiaketako bigarren finalerdia jokatuko da, 18:30ean hasita, Azpeitiko zezen-plazan. Hogei errekortari ariko dira lehian, tartean iazko Errekortari txapelketako irabazlea, David Ramirez El peque.

Lehen finalerdia ekainaren 27an jokatu zuten Tolosan, eta finalerako zortzi errekortari sailkatu ziren. Beste zortziak Azpeitian sailkatuko dira, eta finala Tafallan jokatuko dute, abuztuaren 18an.

Errekortari lehiaketa Taurovision, Azpeitiko Udala, Tafallako Udala eta Zezenbeltz Elkartearen artean antolatutakoa da, eta EITBren laguntza du. Azpeitian, Tolosan bezalaxe, Huelvako (Andaluzia, Espainia) Antonio RubioMacandro ganadutegiko zezenak ariko dira. Antolatzaileek esan dutenez, “zezenketetarako egokiak dira, baita errekortarien ikuskizunerako ere. Tolosan horixe erakutsi zuten”.

Errekortari txapelketako irabazleak txapela eta 6.004 euro irabaziko ditu. Eta Azpeitiko finalerdian errekorte onena egiten duenak, berriz, Zezenbeltz saria.

Errekortari 2010

Eguna eta ordua. Igandean, 18:30ean, Azpeitiko zezen-plazan. Errekortari 2010 txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute.

Azpeitian parte hartuko duten errekortariak.

  • Julian Gomez Carpio (Morata de Tajuña, Madril, Espainia).
  • Alberto Ibañez (Betxi, Herrialde Katalanak).
  • Jesus Egurza (Lizarra, Nafarroa).
  • Oscar Morales (Arnedo, Errioxa, Espainia).
  • Alfonso Muro (Arnedo, Errioxa Espainia).
  • Jonatan Castaño (Medina del Campo, Espainia)
  • Jesus Sanchez (Medina del Campo, Espainia).
  • Eloy Puello (Albalate del Arzobispo, Teruel, Aragoi, Espainia).
  • David Ramirez El peque (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
  • Tomas Perez (Madril, Espainia).
  • Guana (Toledo, Espainia).
  • Sergio Delgado (Chinchon, Madril, Espainia).
  • Carlos Alonso (Puzol, Valentzia, Herrialde Katalanak).
  • Mikael Romero Mika (Baiona, Lapurdi).
  • Sergio Urrutikoetxea (Logroño, Errioxa, Espainia).
  • Pedro Hurtado (Onda, Herrialde Katalanak).
  • Roberto Picazo Gomina (Herrialde Katalanak).
  • Jonatan Estebanez Peta (Arganda del Rey, Madril, Espainia).
  • Sinchan (Puzol, Valentzia, Herrialde Katalanak).

Sarrerak. Sarrerak herriko hainbat tokitan daude saltzen, eta igande eguerdira bitartean erosi ahalko dira honako tokietan: Azpeitian, Etxe Zurin, Azpeitia tabernan, Eguzkitzan, Ametsan, Pastorkuan, Juantxo Txikin, Iraurgi Saski Baloian eta Diegon. Azkoitian: Elurra kafetegian. Egunean bertan, igandean, zezen-plazako leihatila 17:00etan irekiko dute.

  • Sarreren prezioak: haurrak, 0 eta 5 urte bitartekoak 2 euro; gazteak, 6 urtetik 14 urtera arte 8 euro; eta, helduak, hau da, 15 urtetik aurrerakoak, 15 euro.
  • Zezenbeltz elkartearen kamisetak ere jarriko dituzte saltzen, 10 eurotan.

Argazkian, Mikel Odriozola eta Mikel Arrieta Zezenbeltz elkartekoak eta Jabier Altuna Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburua atzo egin zuten aurkezpenean. (Nerea Uranga)

 

KONPARTITU