Larre-behia, Arno mendiko altxorra

632

(Naiz.eus) Larre-behia edo betizua Euskal Herriko arrazarik zaharrena dela esan daiteke. Neolito garaitik –orain dela 5.500 urtetik gutxienez– gure mendietan aske bizi izan da eta gaur egun abeltzain gutxi batzuk dira, kapritxoz, berau hazten eta gobernatzen jarraitzen dutenak.

Arno ganadutegia ezagutzeko Olatz auzoko Kostola baserrira hurbildu gara, Arno mendiaren magalera, hain zuzen ere. Paraje eder honek gutxienez 5.500 urte atzera eramaten gaitu: Jentiletxeta, Praileaitz, Mojaitz… esanahi handiko toki-izenak daude inguruan. Eta hori gutxi balitz, badute bertan beste altxor handi bat, Neolito garai haietatik oraindik bizirik jarraitzen duen larre-behi edo betizua.

«Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroan ‘betizua’ deitzen diote, baina guk etxean betidanik ‘larre-behia’ esan izan diogu», esan du Kostola baserriko Andoni Mugertzak. Izan ere, betizua gehienbat Adarra mendiaren inguruan bizi den arraza da (Urnieta eta Goizueta artean) eta larre-behiak Arno mendia du bere babeslekua (Mutriku, Deba eta Zestoa artean).

Biek itxura berdintsua duten arren, beren arteko desberdintasunak azaldu dizkigu Kostolako semeak: «Alde batetik, larre-behiak biziagoak dira eta jotzera egiten dute. Betizuek ere jotzera egiten dute, baina beste modu batera; mantsoagoak dira, otzanagoak. Bestetik, kolorean ere igartzen da aldea: larre-behia ilunagoa da, ez beltza baina bai nabarragoa edo gorri ilunagoa».

Kostolan betidanik hazi izan dituzte larre-behiak. «Gure bi osaba ziren zaletasun handiena zutenak. Haien aitonek ere bazituzten larre-behiak eta, segur aski, beren aurrekoek ere bai. Madalenak iritsi aurretik, idisko biziena aukeratzen zuten Mutrikura jaisteko». Gaur egun, Andonik jarraitzen du afizio horrekin. «Ni hemen jaioa naiz, bizi guztian horixe ikusi dut eta afizio hori odolean sartuta daukat. Ez dakit afizioa edo gaixotasuna den», esan du irribarrez.

Jai guztiak bertan behera

Bere osabak erretiratu zirenean, Andoni geratu zen ganadutegiaren kargu, eta gaur egun ehun buru inguru gobernatzen ditu. Pandemia iritsi arte, Gipuzkoa eta Arabako herri eta auzo askotan ibili da Andoni, bai sokamuturretan, bai entzierroetan eta zezen plazetan. Nafarroara eta Kantabriara ere iritsi izan da, behi txikiekin.

2020an, ordea, bere jarduera kolpetik gelditu zen, pandemiaren eraginez jai guztiak bertan behera geratu zirelako. Aurten, ordea, udan mugimendu handiagoa izango zela zirudien, baina osasun egoerak berriro ezerezean utzi ditu ganaduzaleen itxaropenak, eta bigarren urtea izango da inongo diru-sarrerarik gabe geratzen direna.

Horregatik, iaz hamar ganaduzale elkartu ziren eta eskaera zuzena egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, beste sektore batzuk lagundu dituen bezala, larre-behiena ere lagundu dezaten. «Iaz dirulaguntza eman ziguten, baina aurten ez digute erantzunik eman nahi, luzatzen ari dira», azaldu du.

Mugertzak gaineratu duenez, beren diru-sarrera bakarra jaietatik dator, behi hauen haragia oso gutxi ordaintzen delako. «Guk ezin dugu harategietara eraman, kiloa 60 edo 80 xentimo ordaintzen digutelako, eta horrekin ez goaz inora».

Horregatik, ez zaie oso justua iruditzen modu estentsiboan lan egiten duen sektore bati laguntzarik ez ematea, beren jarduerak mendian egiten duen mesedea kontuan hartuta. «Larre-behiak beste inor iristen ez den lekuetan ibiltzen dira, eta mendia garbitu egiten dute. Hori oso garrantzitsua da suteak ekiditeko», azaldu du.

Diru-sarrerarik ezean, Andoni Mugertzak 30 buru kentzeko erabakia hartu zuen iaz, guztiak mantentzea ezinezkoa zelako. Egoerak buelta ematen ez badu, azkenean guztiak kendu beharko ditu. Baina momentu hori iritsi baino lehen, ahalegin guztiak egingo ditu hainbeste belaunalditan gorde den antzinako behi arraza betirako desagertzen ez uzteko.

KONPARTITU